Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen Klasikoen X. Irakurraldi Jarraituaken aurkezpena egin dute Arriaga Antzokian Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko zinegotzia, Ana de Castro Bizkaiko Foru Adundiaren euskararen teknikaria, Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkaria, Itxaro Borda idazlea eta Pello Ugalde Laboral Kutxako ordezkaria. Ekainaren 8an, ostegunean, hamabi orduz jarraian Itxaro Bordaren %100 Basque libururaren irakurketa jarraitua egingo dute 400 pertsonek. Ana de Castrok agerraldian esan duenez "Arriaga Antzokia Bizkaiaren eta Iparraldearen arteko zubia bihurtuko da". Gainera, literatura gizarte kohesioa eraikitzeko eta sendotzeko "ezinbestekoa" dela eta horregatik beste urte batez jardunaldiei eutsi diotela azaldu du. Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkariak ikasleak omentzeko jardunaldia dela azpimarratu du, eta ikasleei "errekonozimendua egiteko" 30 arrazoi biltzen dituen hamar urte baino gehiago dituen idazkia irakurri du. Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko zinegotziak bilbotar guztiei gonbitea luzatu die eta euskaltegiak egindako esfortzua eta lana goraipatu du.
Irakurraldia 08:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da eta ikusgai izango da zuzenean Arriaga Antzokiaren kanpoaldeako pantaila batean, Azkuna Zentroko atarian eta EITB-ren webgunean. Itxaro Bordak berak irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, irakurraldiari hasiera ematen. Ondoren, Euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu %100 Basque-ren pasarteak jendaurrean. Guztira, 400 lagun inguruk hartuko dute parte, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak, Bilbo Zaharra Euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaingoaren ordezkariak eta ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariak eta abar.
%100 basque
% 100 basque 2001ean argitaratu zen eta hurrengo urtean Euskadi saria irabazi zuen. Obra honetan, Itxaro Bordak euskaldun izatearekiko eta euskal kulturaren izaerarekiko erreflexio bat egiten du. Idazleak behin eta berriro hausnartzen ditu estilo eztabaidak, eta bitartean, estereotipoak, errealitatearekiko beharra, kritika sozioekonomikoa, kultura eta abar nahasten ditu. Estilo aldetik, ohituta gaudenetik urruntzen da. Nahiz eta aditza batua izan, bai hitz ordena, bai puntuazioa oso arrotza egiten zaio Hegoaldeko irakurleari. Gainera erabiltzen duen hiztegia tokikoa da eta hitz asko ez dira agertzen ez Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, ez Orotarikoan. Hori dela eta, irakurketa errazteko asmoz, Bilbo Zaharra Euskaltegiak liburu honetan agertzen diren hitz ezezagun horiek Sakela izeneko hiztegira igo ditu. Sakela tresna on line dago erabilgai eta aplikazioa doan instalatu daiteke smartphonean.
Bilbo Zaharra Forumeko Jardunaldiak: %100 Basque
[2017-05-18] '%100 basque', euskalduntasuna ulertzeko zenbait modu
[2017-05-09] Itxaro Bordaren '%100 Basque' Bilbo Zaharra euskaltegiaren urteroko irakurraldian