Ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko plana du aztergai Udalak

uriola.eus 2017ko eka. 6a, 10:40

Garraio publikoa sustatu eta jasangarritasuna bermatzeko auto pribatuei Bilbon sartzeagatik kobratzea aztertzen ari dira. Bilbotarrek ez lukete ordainsaririk ordaindu beharko, eta neurri honekin "hiri mugikortasun paradigma" aldatu nahi du Udalak, "ibilgailu, txirrindulari eta oinezkoen elkarbizitza" hobetzeko asmoz.

Egunero 200.000 ibilgailu inguru sartzen dira Bilbora, %80a baino gehiago goizeko 7ak eta 9ak bitartean. Hirira auto pribatuan etortzen direnen %80ak garraio publikoa hartzeko aukera dutela kontuan hartuta, Udala ibilgailu pribatuei ordainsaria kobratzeko plana aztertzen ari da.

Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu duenez, helburua ez da dirua biltzea, baizik eta garraio publikoa sustatzea eta jasangarritasuna bermatzea. Izan ere, Bilbon sartzen diren ibilgailu pribatuen %89an gidaria bakarrik joaten da. Gainera, Bilbotarrek ez lukete ordainsaria ordaindu beharko.

Bilbon bizi diren hiritarren artean, aldiz, mugikortasun ohiturak oso bestelakoak direla nabarmendu du Alfonso Gilek. %63a oinez mugitzen da, %23a garraio publiko bitartez, eta %11a soilik kotxez. "Ohitura horiek zabaldu nahi ditugu kanpotik etortzen direnen artean. Kanpotik datozenek autoa erabiltzen jarraitu nahiko balute, bidesariaren bidez garraio publikoa ordaintzen lagunduko lukete", adierazi du.

Oraindik aztertzen ari diren gaia bada ere, 2016-2030 Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren barruan sartu nahi dute, hiriko mugikortasunaren paradigma aldatzeko asmoz. Plan horretako beste proposamen batzuen artean daude, Rodriguez Arias kalea bidegorri bihurtzea, plaza Eliptikoa oinezko eta garraio publikoarentzat soilik izatea eta Kale Nagusiko taxi eta autobusentzako gunea plaza Biribileraino luzatzea.

Gainera, 2018ko urtarrilaren 1etik 30 kilometro orduko guneak ezarriko dira. Neurri horren bitartez, Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak adierazitakoaren arabera, ibilgailu, txirrindulari eta oinezkoen artean "elkarbizitza obetuko da".