Ekainaren 9, 10 eta 11n kanpaldia egitekoak direla iragarri dute Bizkaiko zahar-etxeetako langile grebalariek. Euren borroka "gizarte osoaren borroka ere badelako, zaintza-lanaren katearen alde batean edo bestean aurkituko garelako momentu batean denok, ezinbestean". 200. greba eguna gainditu duten langileen arabera, "zaintza erdigunean jartzeko beharraz hausnartzean aurrez aurre egiten dugu topo gatazka prekarizatu eta feminizatu honekin. Ddenoi eragiten digun arazo soziala baita hau". Horregatik eskatu diete herritarrei, ahal duten neurrian, "gurekin egotea kanpaldian".
Bigarrenez, antolatu dute kanpaldia. Ostiraletik igandera Arriaga plazan kontzentratzeko asmoa dute. "Udalak baimena ematen badigu, maiatzean egin ez zuena", azaldu du Soraya Garcia Bizkaiko zahar-egoitzetako sektoreko langileak eta ELAko kideak.
Erresidentzietako langileen "borrokaren zergatiak azaltzeko" eta "gurekiko elkartasuna eskatzeko" gutun bat egin du publiko Sorayak. Zahar-egoitzekin "negozioa egiten duten enpresek" eta Bizkaiko Foru Aldundiak langileen eskakizunak "gehiegizkoak" direla dioten arren, egoera "oso bestelakoa" delako Sorayaren esanetan. 5.000 langilek, erabiltzaileek eta horien senideek egunero jasan behar duten egoera.
Egoitzetako langileriaren eskasia "eskandaluzkoa" dela dio. "Erabiltzaile bakoitza jasotzeko eta garbitzeko zazpi minutu ditugu, pixoihala aldatzeko hiru minutu (hiru aldiz egunean), askotan langile bat baino ez dago bi solairutan arreta eskaintzeko. Erabateko prestutasuna izan behar dugu, esplotazioren antza duten ordutegiekin, eta gure soldatak ez dira 1.000 eurora ere iristen. Egoera hori oso gogorra da, baina are gogorragoa da zure laguntza behar duen pertsona bat ikustea, zuri zerbait kontatzeko beharra duela ikustea... eta astirik ez izatea berarekin egoteko".
Errealitate hori aldatzea zaila izango zela bazekiten zahar-etxeetako beharginek, baina imajinatu ere ez zuten egiten "hain latza izango zela".
Argi daukate "sistema dela aldatu beharrekoa", eta hori oso zaila dela horren atzean "estrategikoki hartutako erabaki politikoak" daudelako: "Esplotazioan oinarritutako lan-baldintzak eta gizarteko pertsonarik ahulenenei zerbitzu publiko eskasa eskaintzea beste helbururik ez duten erabaki politikoak, hain zuzen ere. Helburu bakarra dago: enpresa bakan batzuen etekinak zaintzea, haien titularrak foru-aldundiko agintarien ingurune politikokoak direlako".
Sistemak orain arte bezala jarraitu dezan, Sorayaren hitzetan "isilik, denari men eginez eta ikusezin" behar dituzte langileak. "Horrela nahi dituzte emakumeak, dena berdin mantentzeko".
Baina emakume langileak antolatu dira. Borrokatzea erabaki dute eta 200. greba eguna gaindituta, ezin dituzte gelditu ez mehatxuekin ez debekuekin: "Gero eta gehiago gara kalera ateratzen direnok, eta ez gara geldituko egoitzetako errealitatea aldatu arte: lan-baldintzak duintzea eta baita erabiltzaileen bizi-baldintzak ere".