Oinezkoen segurtasuna bermatzeko bi ezki eraitsiko dituzte

uriola.eus 2017ko eka. 7a, 10:45

"Adarrak apurtzeko eta erortzeko arriskua" ekiditeko, 80-90 urteko bi ezki eraistekoak dira udal beharginak Kale Nagusian. Espezie bereko beste zuhaitz bi landatuko ditutze leku berean, hurrengo neguaren amaieran.

Portuko Markesaren kalearen eta Kale Nagusiaren gurutzean, 33. zenbakiaren parean zegoen ezkia eraitsi dute jada. Hiru adar nagusietako bat falta zuen eta ondorioz, beste biek ez zuten behar besteko erresistentziarik. Haize bolada indartsu batek adarrok lurrera bota zitzakeen, eta inguruko oinezkoak arriskuan jarri.

Bigarren ezkiari, Kale Nagusiko 39. zenbakiaren eta Moyua plazaren gurutzean kokatua, adar nagusiak moztu dizkiote. Oinarrian barrutik ustelduta dagoenez, zerbait apurtuko balitz gaitasun mekanikoa ahulduta izango luke. Gaur eraitsiko dute. 

"Segurtasuna dela-eta", ezki bi horiek bota ondoren, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak espezie bereko beste zuhaitz bi landatuko ditu leku berean, hurrengo neguaren amaieran.

 

Zuhaitzen azterketa Bilbon

Bilboko Udalak urtero egin ohi du hiriko zuhaitz historikoen ikuskapena. Horrela, "areagotu egin da zaintza eta hobetu herritarren segurtasuna", udal ordezkarien esanetan.

Bilboko lorategi-guneek 1.383.269 metro karratuko azalera hartzen dute eta 34.000 zuhaitz dituzte. 
Udalak "arriskuaren analisi sakona egiten du, adinagatik eta dauden lekuagatik egurrean akatsak dituzten zuhaitzekin hasita". Hiriko 34.000 zuhaitzetatik (20.000 lorategietan eta 14.000 espaloietan) gehien zaindu behar direnak 2.000-3.000 dira, hau da, guztien % 10.