Abian da Birziklik, urian birziklapenari bultzada emateko kanpaina

uriola.eus 2017ko eka. 8a, 15:17

Helburu nagusia bereiztuta jasotzen diren hondakinen kopurua eta kalitatea hobetzea da eta aurreiritzi faltsuak baztertzea. Horretarako, Areatzako pasealekuan instalazio bat jarri dute ekainaren 15era arte. Kanpainaren hasieratik 5.000 pertsona baino gehiago igaro dira bertatik. 

Birziklik da Bilboko Udalak, Ecoembesek eta Ecovidriok antolatu duten ingurumen-sentsibilizaziorako kanpaina berriaren izena. Izena hitz-jokoa da. Birziklatzea eta klik onomatopeiak uztartzen ditu eta helburutzat ditu ontzien eta hondakinen bereizketa egokia eta gaikako bilketa eraginkorra.

Areatzako pasealekuan ekainaren 15era arte zabalik egongo den gunean hondakinak ondo bereizteko informazioa izango da eskuragarri, "batez ere, plastikozko, metalezko eta brik motako ontziak dagokien edukiontzietan birziklatuta izan daitezen".

Instalazioa kaleko ekintza da, "berritzailea eta parte-hartzailea". Bertaratzen den publikoak hondakinen gaiaren inguruan informatzeko eta sentsibilizatzeko aukera izango du, bereiztuta jasotzen diren hondakinen kopurua eta kalitatea hobetze aldera. 

Halaber, aurreiritzi faltsuak baztertu nahi dira, "gaikako bilketaren inguruan jarrera pasiboa duten herritarrek erabiltzen dituzten argudioak baztertzeko". Informazio gunean hezitzaileek herritarrak parte hartzera gonbidatzen dituzte hondakinen inguruko azalpenak emateko, zalantzak argitzeko eta gomendioak emateko. 

Ordutegia hurrengoa da: lanegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era; zapatu eta domeketan: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara.

 

Edukiontzien eskuragarritasuna, puntuaziorik handiena

2016an, Bilboko Udalak 152.056 tona hondakin bildu zituen eta % 26,96ko birziklapen tasa lortu zuen. Zuntz bilketa tasaren igoera handiena izan da azkenaldian, %163koa, hain justu. Urian Kooperak desklasifikatutako materialak biltzeko 73 edukiontzi zuri ipintzea izan da emaitza horren gakoa. Udalak eta Kooperak jarritako edukiontziek 404 tona bildu zituzten 2016an. Bilboko Auzoetako Hiri Behatokiak landutako azken txostenaren arabera, birziklatzeko edukiontzien eskuragarritasunari buruzko balorazioan lortu da puntuaziorik handiena, 7 puntu. Orobat, papera eta kartoia gaika biltzeko bikaintasunagatik, Aspapelek Paper Txori Urdinak saria eman zion Bilboko Udalari otsailean.