Araudi berriak txano gabe bainatzea eta 'toplessa' egitea baimenduko du

uriola.eus 2017ko eka. 13a, 09:57

Neurriak uriko kanpoko igerilekuetan ezarriko dituzte eta Artxanda, Errekalde eta Txurdinagako kiroldegietako erabiltzaileek baino ezin izango dute arautegi berriaz gozatu.

Bilbao Kirolaken 2017ko araudiaren arabera, Artxanda, Errekalde eta Txurdinagako kanpoko igerilekuetan txano gabe eta topless-en eguzkia hartu eta bainatzea posible izango da uda honetan. Bilboko gainontzeko instalazioetan, ordea, araudiak orain arte bezala jarraituko du: buruan ilerik ez duten, edo oso motza duten, pertsonek baino ezin dute txanoaren erabilera ekidin, eta herritar guztiek jantzi behar dute igeri egiteko bainujantzi aproposa. Bilbao Kirolak jakinarazi duenez, ekaina, uztaila eta abuztuko kanpoko igerilekuetako ordutegia 10:00-21:00 izango da, eta irailetik aurrera, ordutegia ordubetez laburtuko da, 20:00etara arte, hain justu. Gainera, urtero bezala, hamar bonoko sarrerak eskainiko ditu 36,05 euroren truke helduentzako eta 18,05 eurotan umeentzako. Bonook kiroldegietan eskuragarri izango dira uztailaren 16tik aurrera eta %25eko deskontua ekarriko dute.

 

Udako ekintzak

Bilbao Kirolak aukera zabala eskainiko du udan zehar ere kirolaz gozatzeko. Askotariko ekintzak antolatu ditu: padel, pilates, zumbing, spinbike, aerobic, stretching, ritmica, combigym, padel fitness, aqyuafitness, aquamix, igeriketa, erditu ondorengo emakumeentzako igeriketa, umeentzako eta haurrentzako igeriketa, besteak beste.

 

Informazio gehiago: www.bilbaokirolak.eus