'Bilbao Gazte Night' kirola kultura eta gau aisialdia uztartzen dituen formula berria

uriola.eus 2017ko eka. 13a, 14:22

Gazteen eskariei erantzuna emateko aisialdi eredu jasangarria, partekatua eta berritzailea sustatu eta elkarbizitza hobetzeko estrategia eta ekimen berriak diseinatzea da programaren helburua. Skate eta arte urbanoaren erakusketak, kontzertuak, kirol txapelketak eta emanaldiak izango dira antolatutako ekitaldietan.

Bilbao Gazte Night da Udalaren proposamena gaueko aisialdirako aukerak, komunitatearen elkarbizitzarekin eta norbanakoen osasuna eta ongizatearekin bateragarriak diren gazteen eskariei erantzuna emateko aisialdi eredu jasangarria, partekatua eta berritzailea. Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak gaur goizean aurkeztu du programa, proiektuan parte hartu duten gazteekin eta beste pertsona batzuekin batera. Programaren oinarria, lankidetza publiko-pribatua da eta komunitatea sortzeko asmoarekin sortu dute. Era berean, Bilbao Gazte Night programaren diseinua Ideiak Martxan lehiaketan jasotako ekimenetatik bideratzen da.

Udalak egindako parte-hartze bidezko prozesuaren arabera, gazteen %65 aisialdiko ohiturak aldatzeko prest egongo litzateke aukerarik edukiz gero. Halaber, Gaztetalk foroko partaideen %85ak badaki eragozpenak sortzen dituztela. Hortaz, irten nahi duten gazteen eta atseden hartzeko eskubidea daukaten auzokoen arteko elkarbizitza hobetzeko estrategia eta ekimen berriak diseinatzea da programa honetako puntu nagusietako bat.

 

Asetu gabeko eskaria

Udalaren arabera, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean aisialdirako eskaria detektatu du, aldi berean, kirola eta kulturaren inguruko interesa adierazten dute. Programa berriak eskari horri eta kontsumoko ezohiko lekuetan dinamika berriak sortzeko beharrizanari erantzuten dio. Era berean, kontuan hartzen du gazteek gero eta beranduago irteten dutela gaueko aisialdira eta aisialdiko espazioak dibertsifikatu egin behar direla.

 

Hastapenak

Urtearen hasieratik, Bilboko Udalak abian jarri ditu zenbait ekintza, esaterako Tracking Bilbao Gaua. Hori izan zen Bilbao Gazte Night programaren hasiera otsailean, Caostica eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Jarduera interaktiboen maratoia egin zen eta Bilborock aretoa bete egin zen asteburu hartan. Era berean, Bilborock aretoan Bilbao You Week topaketa egin zen apirilaren 6an, 7an eta 8an. Gazteen eta YouTubeko sortzaileen arteko topaketa hartan tailerrak, panelak eta ikuskizunak izan ziren eragin-sortzaile eta youtuber ezagunekin. Hil horren 28an Zure estiloari eutsi lehiaketaren finala egin zen. Bilboko Udalak rap txapelketa hori antolatu zuen 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzat.

 

Street Art Txanda

Ostegunean, ekainaren 16an, Bilbao Gazte Night programak ekimen berritzaile bati ekingo dio: Street Art Txanda. Irristaketa modalitate desberdinen erakusketa, arte urbanoa zuzeneko grafitiekin, street danceko emanaldia eta zenbait kontzertu musikal antolatuko dituzte 20:00etatik 02:00ak arte.

Informazio gehiago: www.bilbao.eus