Maduroren gobernua kanporatzeko ahaleginetan daudenentzat mezua: 'Venezuela aurrera'

uriola.eus 2017ko eka. 14a, 17:00

Argazkia: askapena.org

Venezuela Aurrera plataformako eragileek Venezuelako herria eta Gobernuaren aurkako "edozein eraso" salatu dute, "are gehiago eraso hauek hain gordinki bortitzak direnean eta nazioarteko prentsak isilean gordetzen saiatzen denean". Igandean manifestazio nazionala deitu dute Bilboko Kale Nagusian Venezuela aurrera!, ¡No pasaran! lelopean. 

Simon Bolivarren oroigarriaren ondoan egin dute agerraldia Venezuela Aurrera plataformako kideek. Bertan babes osoa agertu diote iraultza bolibartarrari. "Venezuelako oposizoaren faxismoaren aurrean gu gure izaera antifaxista eta internazionalistan berresten gara", adierazi dute. Prest agertu dira nazioarteko komunikabideak "isilarazten saiatzen diren ahotsak" Euskal Herriko kaleetara ekartzeko. Ildo horretan, plataforma osatzen duten eragileek datorren ekainaren 18an Jesusen Bihotzetik 12:00etan aterako den "manifestazio nazionalerako deialdia" plazaratu dute.

Egoeraren irakurketa latza egin dute plataformako lagunek: "Venezuelako eskuin kolpistak ez du atzera egiten Maduro presidentea eta Venezuelako Gobernu demokratikoa kanporatzeko ahaleginetan". Herrialdea "ezegonkortzeko saiakera" diren manifestazio bortitzek hamarnaka hildako utzi dituzte jada.

"Oposizio kolpistak urteak daramatza 2002an emandako Estatu kolpe saiakera errepikatzeko aukera emango dion eszenatokia bilatzen. Herria jasaten ari den bortizkeria maila larria Estatu kolpea edo atzerritar eraso militarra justifikatu dezaken taktikaren aurpegia baino ez da. Oposizio faxistak Gobernua kanporatu nahi du eta horretarako hildakoak eragitea ez zaio batere inporta, errenta petroleroaren kudeaketak bizitza horiek baino askoz gehiago balio du haientzako, azaldu dutenez".

 

Euskal elkartasun plataforma

Venezuela Aurrera plataforma 26 kolektibo, sindikatu eta alderdi politiko euskaldunek osatzen dute. Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataforma da.

Plataformako kide dira: Alternatiba, Aralar, Arbol Euskal Herria, Askapena, Asodemuc, Bachue (Kolonbiako Errefuxiatuak Euskal Herrian), Cine de Base, “La Puebla” Zirkulu Bolivartarra, Emigrados sin Fronteras, Ernai, Euskadi-Cuba elkartea, Ezker Anitza-Izquierda Unida, Gazte Komunistak, Gazte Komunisten Batasuna (GKB), Giltza, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza, Inti Kokone, IPES-GITE, LAB, Komite Internazionalistak, Marcha Patriótica Euskal Herrian (Colombia), Bakea eta Duintasuna / Paz con Dignidad, PCE-EPK, Resumen Latinoamericano, Revista “Encuentros”, SODePAz eta Sortu.