Hiriko bandera igotzeko ekitaldia egin du Bilboko Udalak 717. urteurrena ospatzeko

uriola.eus 2017ko eka. 15a, 14:44

Udaltzaingoko agenteak galako uniformea jantzita eta txistularien bandak lagunduta, alkateak Bilboko bandera igo du uriaren fundazio-gutunaren 717. urteurrena gogoratzeko. EH Bildu koalizioak ez du ekimenean parte hartu. Ekitaldia, Hiriaren asteko ekitaldi nagusienetako bat da.

Bilbok 717 urte bete ditu gaur eta hori gogoratzeko, Bilboko Udalak uriaren bandera igotzeko ekitaldi instituzionala egin du. Sinbolismoz betetako ekitaldia Ernesto Erkoreka plazako erdiko lorategietan egin dute 11:30ean. Udaltzaingoko bost agentek, galako uniformea jantzita zutela hiriko bandera plazara eraman dute. Ondoren, Aburto Alkateak, Udal Korporazioko gainerako kideekin batera, karguaren domina bereizgarriekin, udaletxeko ate nagusitik atera dira Ernesto Erkoreka plazarantz. Han txistularien bandak hartu ditu Alkate soinua eta Agur, Jaunak abestien soinuarekin, eta Alkateak Bilboko bandera igo du, On Diego Lopez de Haro Bizkaiko Jaunak uriaren fundazio-gutuna eman zueneko 717. urteurrena gogoratzeko. Bilboko bandera igotzeko ekitaldia Hiriaren asteko ekitaldi nagusienetako bat da.

EH Bilduk planto

Azken urteetan EH Bilduko zinegotziek ez dute bat egin ekimenarekin. Izan ere, haien iritziz ez da ekitaldi "batere parte hartzailea", eta bere izaera aldatu ez denez, aurten ere koalizioa ez da bandera igoerara azaldu.