Omenaldia Udaletxearen aurrealdeko beheko eskaileretan hasi da, "askatasuna eta balio demokratikoak defendatzeagatik Bilbo jausi ostean fusilatutako" langileen omenezko plakaren aurkezpenarekin.
Jarraian, Arabiar Aretoan, La depuración y represión franquista de las empleadas y empleados del Ayuntamiento de Bilbao izenburuko liburua aurkeztu dute, hain zuzen ere, Aritz Ipiña historiagileak Estatu osoko hamarka artxibotan lau urtez burututako ikerketaren emaitza izandakoa.
Ipiñaren hitzetan, “1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpeak, ondorengo Gerra Zibilak eta Francok zuzendutako armadaren garaipenak eragin nabaria izan zuten Bilboko Udaleko langileengan. Hala, bermerik eskaintzen ez zuten epaiketa bereziak egin ziren. Horien ondorioz, 1.000 langile baino gehiago lanpostu barik utzi eta beste batzuei, ostera, diruzko zehapena ezarri zieten”.
Francoren erregimenaren zapalkuntzak Bilboko Udaleko langileen %75,5ean izan zuen eragina. Garai hartan, zehatz-mehatz, 1.914 langile zituen. Alkatearen esanetan, “Medikuak, irakasleak, suhiltzaileak, udaltzainak, hiltegiko, hilerriko eta garbiketako beharginak ziren… baita bekadunak ere”. Ildo horretan, askatasun eta demokraziaren aldeko borrokan hildako 14 funtzionarioak gogora ekarri gura izan ditu. Horietatik, “9 fusilatu zituzten gerra-kontseiluen ondorioz; beste lau –denak suhiltzaileak– egun berean epaiketa barik hil zituzten eta beste bat –udaltzaina– etxean topatu zuten buruan tiro bat jota”.
Bere hitzaldian, Aburto alkateak argi utzi nahi izan du Bilboko Udaleko langile horiek “Francoren erregimeneko garbiketa politikoan burutako bortxazko eta indarkeria administratibozko politika” sufritu zutela eta “Errepublikaren zilegizko agintaritzaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren alde lan egiteagatik edo Eusko Gudarostearen kideak izateagatik” zigortu zituztela.
Halaber, gaur Bilboko Udaletxean burututako ekitaldiaren helburua, alkatearen esanetan, “ez da zaurietan min handiagoa edo tristezia eragitea. Aitzitik, esperantzari, argiari, aitortzari eta gomutari lekua eman nahi dio; gure gazteengan bakeari eta balioei lotutako haziak erein nahi ditugu, guztiok batera zume sendoagoak dituen gizartea ehundu ahal izateko”.
Gerra Zibilaren ondorioz jazarritako Bilboko Udaleko langileei eskaini dieten omenaldi instituzionala musika-emanaldi labur batekin amaitu da, Udal Txistulari Bandaren eta Aitor Furundarena soinu-jotzaile eta arreglistaren eskutik. Hala, Guridiren Elegiaca eta Bederatziko handia herri-doinua jo dute elkarrekin.
Gaurko ekitaldia, Bilboren jauskeraren 80. urtemuga gogoan izateko Udalak antolatutako jarduera-programaren barruandago. Horren baitan kokatzen dira beste ekitaldi hauek: Bilbao Izan programaren barruko gidatutako bisitak; Luis de Pablo konpositoreari musika-obra bat osatzea esleitzea; gerren aurkako eta bakearen aldeko borrokaren ikur bilakatu zen Picassoren Guernica margolanari buruzko eskultura baten instalakuntza sentsoriala; Gerra Zibilaren barruko Bilboko umore grafikoari buruzko erakusketa bat; eta, hurrengo astelehenean, ekainaren 19an (20:00etan), Azkuna Zentroan, herritar guztiei irekita eskainiko den musika-emanaldia, hain zuzen ere, Bilbo Franco jeneralaren agindupean matxinatu ziren tropen esku geratu zen egunean bertan.