Antzina-antzinatik bezala beste urte batez egun luzeena, eta aldi berean, gau motzena ospatzeko bilduko dira gaur bilbotarrak sutondoan. Auzo gehienek suaren inguruan eta hamaika ekimenekin ospatuko dute aspalditik datorren erritu paganoa: ipuin kontaketak, aroak, dantzaldiak, urarekin brindisak, kontzertuak eta askotariko jarduerak antolatu dituzte auzorik auzo. Bilboko konpartsek, urtero bezala, Etxebarria parkean egingo dute sua, musikaz, dantzaz eta Correfocs Diabrus konpainiarekin aurten.
Egun bakarra, hamaika izen
San Juan gaua, Eki eguna, Udaburua eta Udako solstizioaren izenpean aurkeztu dituzte aurten gau beraren festak Bilboko auzoko Jai Batzordeek.
Segurtasun neurriak
Bilboko Udalak gogoratu du debekatuta dagoela likido suharberak edo lehergaiak erabiltzea sua pizteko, bai eta ke toxikoak sortzen dituzten materialak erretzea ere. Honako aholku hauek plazaratu ditu:
- Sua egiteko pilatzen diren materialek, erretzen hasi baino lehen, ez dute hiru metro luze baino gehiago izango.
- Erretzeko material horiek solidoak izango dira, eta ondorioz, debekatuta dago lehergaiak edo likido suharberak erabiltzea. Era berean, debekatuta dago ke handia sor dezaketen materialak erabiltzea (gurpilak, ehun-olioak, eta abar).
- Sua edozein eraikin, linea elektriko, instalazio edo objektu finko nahiz mugikor eta mota guztietako ibilgailuetatik 15 metrora jarri behar da gutxienez.
- Debekatuta dago sua urbanizatutako zoladuraren gainean jartzea, asfaltozko edo lauzazko zoladuraren gainean.
Bilboko Udalak, halaber, laguntza eskatu die herritarrei: baimendu gabeko edota baldintza horietakoren bat betetzen ez duten suak pizten direla ikusiz gero, Bilboko Udaltzaingoaren telefonora dei dezatela, 092 eta 112.
Auzoko egitarauak
[2017-06-09] Iralako Jaiek bi astez dantzan ipiniko dute auzoa