2016ko jardueraren balantzea atzo goizean aurkeztu zen Mercabilbaoko instalazioetan egin den Batzar Nagusian. Bertan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru duen Gobernu Kontseiluko kide guztiak elkartu ziren azken urteko emaitzak ezagutzera emateko.
Sektoreka, fruten eta ortuarien salmenta 217.600 tona ingurukoa izan zen, hau da, 2014an lortutako datu historikoak baino %1,39 gehiago; hazkunde hori eragin duten produktuen artean azpimarragarriak dira platanoaren salmentak izan duen %10,17ko igoera eta gainerako fruten eta ortuarien komertzializazioaren hazkundea, %0,13 eta %1,06 artekoa. Batez besteko prezioari dagokionez, 1,01 €/kg-koa izan zen, %2,02ko igoera txikiarekin. Azpimarratzekoa da patataren prezioak 2015. urtearekin alderatuta izan zuen %31,25eko igoera. Horrek, sektoreko beste produktu batzuek izan zuten prezio igoerarekin batera, zenbait jaitsiera moteldu zituen, %8,99koa izan zuen platanoarena, besteak beste.
Arrain sektoreari dagokionez, 27.600 tona baino gehiago mugitu zituen, 2015ean baino zertxobait gutxiago, produktu izoztuaren salmentan izandako %3,34ko jatsieraren ondorioz, arrainak edo itsaski freskoak gora egin zuten arren, %0,57 eta %1,23, hurrenez hurren. Prezioei dagokienez, joerak gorakoa izaten jarraitzen du sektoreko produktu talde guztietan. Batez besteko prezioa 6,48 €/kg-koa da, hau da, %4,52ko hazkundea. Azpimarratzekoa da produktu izoztuaren batez besteko prezioak izan duen %9,57ko igoera.
Bitartean, elikadura orokorreko merkatuan, arrautzetan, haragietan, esnekietan eta beste batzuetan, komertzializazioaren bolumena 3.500 tonatik gorakoa izan zen. Zifra horrek azken urteetako joerarekin jarraitzen du, %1,42ko jaitsiera txikiarekin. Beherakada horren zergati nagusia haragiaren produktu deribatuen eta esnekien salmenten jaitsiera izan zen, %8,35 eta %7,04 gutxiago saldu baitziren, hurrenez hurren. Hala ere, arrautzek, bildotsak edo behikiek leundu egin dute jaitsiera hori, horien komertzializazioak hazkunde arina izan baitzuen.
Orokorrean, zifrek gorako joera erakusten jarraitzen dute, eta 2015ekoak hobetu dituzte, merkatua %100ean dago okupatuta, eta erakusten duen arrakasta eredua finkatzeko erabateko konpromisoa du, etengabe berrasmatuz eta eraldatuz, kontsumitzaileen eskariei erantzun ahal izateko, kalitatezko produktuekin.
Mercabilbaok 2016an izandako emaitza ekonomikoari dagokionez, 669.224 euroko irabaziak izan zituen, zerga ondoren. Kopuru hori finantzaketa iturri garrantzitsua izango da etorkizunean jarduerari eutsi ahal izateko gauzatu beharko diren inbertsioetarako.
Jarduera hori, Mercabilbaon ari diren pertsona guztien lanari esker da posible, operadoreei eta jarduera osagarrien gunean, merkataritza guneetan eta bulegoetan lan egiten dutenei esker, hain zuzen ere. 13 hektareako azaleran ehun enpresa baino gehiago ari dira, eta 1.000 pertsona baino gehiagok egiten dute lan. 2016an ia 677.000 ibilgailu hartu ditu, 3.000 sarrera inguru egunean, batez beste.
Salmenta moduetan gertatzen ari diren aldaketak eta jarduera logistikoen hazkundea ikusita, Mercabilbaok aurrera jarraitu zuen bere nazioartekotze estrategiarekin, Bilboko Portuarekin eta Bordeleko Merkatu Zentralarekin elkarlanean. Asmo handiko proiektu horrek gure merkatua finkatu egiten du Kantaurialdeko kostaldeko produktu galkorren elikadura banaketaren motore ekonomiko gisa, eta leku ezin hobea da Bizkaia Europarako ontziratzeko atea bilaka dadin.
Etorkizuneko merkatuaren sozializazio prozesua
2016an Mercabilbaok etenalditxoa egin zuen, etorkizuneko merkatua diseinatzeko, azpiegituren modernizaziorako Plan Zuzendaria martxan jarriz. Horrek instalazioen egoera eta egokitzapen beharrak ezagutzeko aukera eman du. Horrela, 2016ko azken hiruhilekoan plan horren ondorioak aurkeztu zitzaizkien merkatuko kolektiboei, eta baita 2021etik aurrera kontratu berriak kudeatzeko gogoetak ere, iradokizunak eta hobekuntzak aurkeztu ahal izateko.