Udako Liburutegiak programa Miribillako, Zorrotzako eta Elorrietako plazetara zabalduko dute

uriola.eus 2017ko eka. 21a, 11:18

Prentsa, liburuak eta aldizkariak jarriko ditu guztien esku, eta irakurketa bultzatzeko jolasak eta tailerrak antolatuko dira, umeei zuzenduta. Uztailaren 15etik abuztuaren 15era, jarduera Errekaldeko eta Txurdinagako igerilekuetara aldatuko da.

Bilboko Udalak, Udako Liburutegiak Programaren beste edizio bat jarriko du martxan datorren astelehenean, ekainaren 26an. Aurten, dagoeneko ohikoak diren liburutegi-igerilekuez gain, aire libreko hiru terraza ere jasoko ditu. Irakurle guztientzako, liburuak, prentsa, jolasteko eta irakurketara bultzatzeko animazio jarduerak txikientzat antoltuko dituzte, Miribillako, Elorrietako eta Zorrotzako plazatan, uztailaren 14ra arte. Plazatan egongo diren liburutegi horiek goizez eta arratsaldez egongo dira zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.

Uztailaren 14tik aurrera, igerilekuek hartuko dute terrazen lekukoa, eta jarduera Txurdinagako eta Errekaldeko igerilekuetara eramango da, eguzkia hartzeko eta bainatzeko dauden lekuetara. Oraingo honetan, aire libreko liburutegien ordutegia jarraitua izango da, 11:30etik 19:30era, egunero, abuztuaren 15era arte.

Kultura Sailaren ekimena da, helburu nagusia: herritarrek liburuekin eta irakurketarekin bat egiteko dituzten aukerak zabaltzea. Horrez gain, liburuen mailegu zerbitzua ere erabili ahal izango da. Horrela, irakurleek etxera eraman ahal izango dituzte interesatzen zaizkien liburuak, ezarriko den epearen barruan aisia gunean bertan itzultzeko baldintzarekin, Udal Liburutegi Sareko karneta ez duten pertsonek aldi baterako instalazioetan bertan eskatu ahal izango dute.