Maiatzean izandako Triathloi lasterketaren ostean hiru parte hartzailek leptospirosia pairatu zuten. Horietako batek oraindik ospitalean jarraitzen du. Ondorioz, gaur Udalak komunikatu baten bidez jakitera eman du asteburuko igeriketa zeharkaldia bertan behera geratuko dela.
Gaur goizean egindako agerraldian, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak argitu duenez, itsasadarra ez da bainurako gunea, aisialdirako eta kirola egiteko gunea baizik. Hortaz, itsasadarreko bazterrak baino ez direla udalaren konpetentzia esan du, eta “ez ura”. Diezek azaldu duenez, bere sailak ez du itsasadarreko uraren analisia egiteko konpetentziarik, ur-kontsumorako iturrienak eta hozte-sistemarena baizik. Halaber, adierazi du, lasterketaren antolatzaileak arduratzen direla uraren analisia egiteaz laborategi pribatuen bidez ura egokia den ala ez jakiteko. Horrekin batera, Diezek ospitalean jarraitzen duen kaltetua laster sendatzeko nahia adierazi du.
Ekimena antolatzen duen Bilboko Club Deportivoak geratzen den denbora tarte txikia dela eta, ezin izan du ziurtatu beste infekzio bat ez denik izango. Hortaz, azkenean zeharkaldia bertan behera uztea erabaki du.
Osakidetzak zenbait gomendio plazaratu du. Informatu duenez, itsasadarrean murgilketak ez ditu bi orduak gainditu behar eta horren ostean, berehala, dutxa bat hartu behar da.
Alkatearen adierazpenak
Gaur goizean neurriak jakin baino lehen Radio Bilbao irratian Juan Mari Aburto alkateari egindako elkarrizketan “itsasadarrean bainatuko nintzateke” adierazi du. Adierazpena egin eta gutxira, zeharkaldia bertan behera geratu da infekzio arriskua dela-eta.