Bilboko etxebizitzak geroz eta zaharragoak dira, eta bizilagun gutxiagorekin

uriola.eus 2017ko eka. 28a, 13:17

Bilboko Udalak urian etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa egin du. Datuen arabera, etxebizitzen %81ek 1980 baino lehenago eraiki dira. %12,6 dira alokairu-erregimenean daudenak eta %3,4 hutsik daude. Familiaren tamaina orain txikiagoa da, batezbeste 2,4 pertsona bizi dira etxebizitza bakoitzean. Plan berriaren helburuak kaleratu dituzte.

Bilboko Udalak urian etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa egin du. Azterketan agerian geratu da etxebizitzek batez beste 50 urte dituztela. Goyo Zurro Bilboko Udalaren Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak azaldu duenez, Bilboko etxebizitzaren erradiografiak lagunduko du etxebizitzak hobetzeko abian dauden ekimenak xehetasun handiagoz definitzen eta eskaintza detektatutako premietara eta herritarren eskaerara egokitzen. Azken 10 urteotan asko aldatu dira herritarren ezaugarriak.

Aldaketen artean familiaren tamaina dago. Datuen arabera, orain txikiagoa da eta elkarbizitza-unitateetan batez beste 2,4 pertsona daude. Azken hamarkadetan pertsona bakarreko unitateak ere hazi egin direla dio diagnostikoak. 2011. urtean pertsona bakarreko unitateak guztien %28,2 ziren. Gainera, Bilboko biztanleria gero eta zaharragoa da. Horiek horrela, etorkizuneko etxebizitzaren arloko politikak aldaketa horiek kontuan hartu beharko ditu.

Etxebizitzen %81ek 1980 baino lehenago eraiki zituzten. Horrek, Bilboko etxebizitzen %18k eraikinaren elementuren bat zaharberritu beharra dakar. Eraikinen Ikuskapen Teknikoek presazko zaharberritze-lanak sustatu dituztela azaldu du Udalak, batez ere, fatxadei, estalkiei, zimentazioari edo ur-hornidurari eta hustubideei dagokienez. 2013-2016 aldian herri-administrazioek Bilbon 6 milioi euro bideratu zituzten era horretako zaharberritze-lanak egiten laguntzeko. Datozen hiru urteotan, Udalaren estimazioen arabera, urian 6.100 etxebizitza ikuskatuko dituzte.

Etxebizitzaren oraingo eskaintzari dagokionez, alokairu-erregimena oso txikia dela aipatu dute. 18.600 etxebizitza inguru; guztien %12,6 inguru. Hala ere, datuen arabera, joera hori poliki aldatzen ari da eta gero eta gehiago dira, etxebizitza jabetzan edukitzea alde batera utzita, alokairu-erregimenean eskuratu nahi duten eskatzaileak.

Alokairuaren arlo honetan kontuan eduki behar da Bilbon alokairu-erregimenean babestutako etxebizitzak asko direla, 5.528 hain zuzen. Horietatik Udal Etxebizitzak erakundearenak 4.112 dira eta 1.416 Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu.

2007. urtetik alokairuak bere hartan izan ditu prezioak. Apur bat gora egin zuen prezioak 2007an 900 euro izatetik 925 euro izatera pasatu zen-eta. Salmentako prezioak merketu dira azken 10 urteotan eta horrela etxebizitza berriaren metro karratua 5.255 eurotik 3.777 eurora jaitsi da. Erabilitako etxebizitzaren kasuan prezioa 2007an 4.670 euro/m2 izan zen eta orain 3.280 euro/m2 da.

Beste alde batetik, Bilboko Udalak dituen datuen arabera, hutsik dauden etxebizitzak gutxi dira, %3,4, 5.453 etxebizitza, eta erabilera eskasekoak. Portzentaje horiek txikiak izanda ere, Etxebizitza Saila lanean ari da, beste erakunde batzuekin batera, jabeek etxebizitza horiek alokairuan jar ditzaten eta dagoen eskaerari erantzun egokia emateko.

Babestutako etxebizitzari dagokionez, Etxebideren datuen arabera, inskribatuta dauden etxebizitza-eskatzaileen %83,5ek alokairuan eskatzen du etxebizitza eta erosketaren alde egiten dutenak %16,5 dira.

2.000 elkarrizketatik gora egin dira azterlan batean eta horretan Bilboko familia-unitateen %5etan etxebizitza eskuratu nahi lukeen pertsonaren bat dagoela detektatu da. Pertsona horien batez besteko adina 33,7 urtekoa da. Ia lautik batek egoera horretan 4 urte baino gehiago eman du. 64 metro karratuko etxebizitza nahi dute eta ia % 50ek alokairuan hartu nahi du eta ez du erosteko planteamendurik egiten.

Etxebizitza plan berriaren helburuak

Azterlan honen emaitzak kontuan hartuko dituen plana garatu nahi du udalak, Eusko Jaurlaritza burutzen ari den plan zuzentzailearen ildoekin eta HAPOren lanekin bat etorriko den plana. Plan berri horrek, gutxienez, bost helburu hauek izan beharko ditu:

  1. Dauden etxebizitzak hobetzea, irisgarritsuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko irizpideen arabera dauden etxebizitzak zaharberritzen laguntzeko jarduketak egiten jarraituz.
  2. Alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzea, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzeko jarduketak edo bitartekaritza eginez eta bizitoki-baliabide berriak sustatuz, hala nola, Bilboko gazteentzako bizitoki dotazionalak sustatuz.
  3. Babestutako etxebizitzaren eskaintza egun dagoen eskaerara egokitzea, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak hurbileko arreta eskainiz maizterri eta etxebizitza-eskatzaileei, udalerrian etxebizitza babestua eskuratzeko leihatila bakar bihurtze aldera.
  4. Pertsonen bizi-ibilbide ezberdinei lotutako formula berriak sustatzea, kolektibo bakoitzaren egoerak eta beharrak kontuan hartuta.
  5. Arreta berezia behar duten kolektiboei arreta hori eskaintzea, esate baterako, 65 urtetik gorakoak diren eta bakarrik bizi diren pertsonei, guraso bakarreko unitateei edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei begira, Bilbon etxebizitza publiko bat alokairuan badute, lagun egiteko programak eskainiz.