Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak eta Borja Rodrigo Traineru Kluben Elkarteko (TKE) presidenteak Bilboko VIII. Bandera aurkeztu dute gaur. Azaldu dutenez, 2017-2020 aldiko lau denboraldietan Bilbo izango da ligaren abiaburu bere ingurune naturalean.
Uztailaren 1ean, 19:00etan horretantxe hasiko da Eusko Label Ligaren hamabosgarren edizioa. Eusko Label Ligako aurreneko estropada puntuagarria eta erlojupeko estropada urbano bakarra izango da, eta irailaren 17ra arte iraungo du.
12 tripulaziorik onenak arituko dira nor baino nor indartsuago, zein aterako txapeldun. Bilboko itsasadarra izango da horren lekuko. Aurretik, Bartzelona, Malaga eta Sevilla izan ziren ekimenaren anfitrioi.
Bilbo eta ACTren akordio 2020ra arte
Alkatearentzat Bilbo eta TKE batzea da kontua, “gure uria eta itsasadarra kirol honen jai bilakatu daitezen”. Aburtok gogora ekarri du Saskibaloiko 2014ko Munduko Txapelketaren eta oraintsu jokatutako Badmintoneko Munduko Junior Txapelketaren arrakasta; baita egiten ari diren lanak ere datorren urtean hona ekartzeko Errugbiko Europako txapelketako finalak, UEFA Euro 2020a edo Frantziako Tourreko etapa bat, Vueltako etapa baten amaiera Bilbon antolatzeak izandako arrakasta ikusita. Borja Rodrigo TKE elkarteko arduradun nagusiarentzat “Gure inguruan, Bilbo bezalako hiriburu handia abiaburu izateak hedadura itzela emango digu zalantza barik.
Ligaren hasiera
Uztailaren 1eko 19:00etan emango zaio hasiera Bilboko VIII.Banderari. Irteera udaletxeko zubiaren ondoan izango da; kanpoko baliza, berriz, Arrupe zubian; lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte guztira.
Irteerako ordena iazko sailkapen orokorraren araberakoa da; hortaz, lehenengo txandan Ares, Ondarroa Cikautxo, San Pedro eta Zierbena Bahias de Bizkaia ontziak neurtuko dira. Bigarren txandan Cabo, Astillero, Tiran Pereira eta Orio Babyauto. Ohorezko txandan, berriz, San Juan Sumelec, Kaiku Producha, Hondarribia eta, txapelduna den Urdaibai Avia.
Bilboko Uribitarte pasealekuan, arratsalde osoan izango da denboraldi guztian Eusko Label Ligaren karabanarekin joango den Fan Zonea.