Aste Nagusia 2017

Esne Beltza, M Clan eta Vanesa Martin ere izango dira Aste Nagusiko eszenatokietan

uriola.eus 2017ko uzt. 3a, 10:31

Abandoibarrako eszenatokian arituko dira iragarritako gainerako taldeekin batera: Zea Mays, Antonio Orozco, Amaral eta El Consorcio BOSarekin. Kontzertuak doakoak izango dira, Aste Nagusia osatuko duten 300 jarduerak bezala.

Esne Beltza, M Clan eta Vanesa Martin Aste Nagusian Abandoibarrako eszenatokian arituko direla iragarri du Bilboko Udalak. Izen hauek eszenatoki berberan eta aurreko egunetan iragarri diren beste artista eta taldeen izenei gehitzen zaie: Zea Mays, Antonio Orozco, Amaral eta El Consorcio BOSrekin.

Aste Nagusiko lehen larunbatean Abandoibarran eskainiko duen lehen taldea Zea Mays izango da, euskarazko rock talde bilbotarra. Hurrengo egunean, igandean, hilak 20, Zaragozatik etorritako Amaral pop rock bikotearen txanda izango da. Agertoki berean arituko da gaur egungo musika arloan arrakasta gehien duen Antonio Orozco musikagile eta abeslaria abuztuaren 21ean, astelehena.

Asteartea 22an, Vanesa Martín, Malagako abeslaria Bilbon izango da Munay izena duen bere azken lana aurkezteko egiten ari den biraren barne. Abuztuaren 23an, BOSk (Bilboko Orkestra Sinfonikoa) eta El Consorcio bostekoarekin batera kontzertua eskainiko dute. Hurrengo egunean, Xabi Solanoren Esne Beltza taldeak euskarazko letrak dituen hip hop, reggae, soul, rock eta folk erritmoak eszenatokira eramango ditu. M Clan taldearen txanda 25ean izango da, ostirala. 20 urte baino gehiago eszenatokietan ari den talde honek Aste Nagusiko azken asteburuan eskainiko du kontzertua.

Datozen egunetan, Bilboko Udalak 2017ko Aste Nagusiko gainerako kontzertuak iragarriko ditu.

100 kontzertu baino gehiago

Txupinazoa jaurtiko den larunbatetik, hilak 19tik, abuztuaren 27ra, igandea, 2017ko Aste Nagusia Bilboko gune ezberdinetan musikako 100 jarduera baino gehiago eskainiko ditu "publiko eta gustu guztietarako zuzenduak". Aste Nagusiko kontzertuak 300 jarduera ezberdinez osatuta dagoen Aste Nagusiko programazioaren zati bat dira.

[2017-06-20] Zea Mays, Antonio Orozko, Amaral eta El Consorcio BOSekin izango dira Aste Nagusian