Bilbotik besarkada Lekornera

uriola.eus 2017ko uzt. 5a, 14:00

Aurtengo eta iazko irudiak (Arg. @argia eta @ehzfestibala)

Oso harrera ona izan du Euskal Herria Zuzenean festibalaren aldeko elkartasun erauntsiak Bilbon. Joan den ostiralean jaialdiko antolatzaileek eguraldiak eragindako segurtasun berme ezagatik 22. edizioa bertan behera uztea erabaki zutenetik asko eta asko izan dira elkartasun erauntsiarekin bat egin duten ekimenak eta herritarrak.

Donostiako Bukowski aretoan igandean antolatutako kontzertuak "berehala" mugiarazi zituen Bilboaldeko hainbat kultur ekintzaile eta sortzaile. "Bilbon ere egingo dugu" erabakitzeraino, Lutxo Egia sustatzaileetako baten hitzetan. Gaur Biba kulturgunean antolatu duten kontzertuekin helburutzat dute, batetik, sarrera gisa kobratuko den hamar euroko bono laguntzen bitartez "ekarpen txiki bat egitea" EHZ festibalari eta gaurko hitzordura bertaratu ezin duenari zabaltzea "badagoela kontu zenbaki bat diru ekarpenak egiteko". Bestetik, "Bilbotik besarkada bidaltzea Lekornera eta adieraztea EHZ festibalarekin eta bere ereduarekin oso bat gatozela. Konturatzen gara azkenean gu garela, egiteko modu bat dela, eta horrek gu osatzen eta eraikitzen gaitu". 

Ez da festibal arrunt bat EHZ jaialdia bistan denez. "Herri ekimen bat da", dio Egiak. Eta kultura arloan dabiltzanek ondotxo dakite zein zaila den herri mailako horrelako ekimenak aurrera ateratzea. 

Lutxo Egia ez da inoiz EHZ festibalean egon, baina ez du zertan egon jakiteko "zein egitura duen edota zer-nolako harremanak sortzen diren antolatzaile, sortzaile eta artisten artean. Horregatik jende askok egin du bat eredu horrekin". Kontua da, kontzerturako lagunei deika hasi direnean batzuk grabatzen harrapatu dituztela eta beste batzuk kanpoan. Lortu dute hamar bat lagun ziurtatzea. Eta gehiago ere izan daitezke gaur Biba kulturgunean parte hartuko dutenak. Izan ere, oro har "oso harrera ona" izan du deialdiak, "musikariek eurek jaialdi kutuna dutelako".

ehz-festibala.eu/eu

#ElkartasunErauntsia

[2017-07-04] EHZ festibalaren aldeko elkartasun gaualdia antolatu dute bihar Bilbon