Zinegotzien pribilegioak "ez dira ez onartu ez zozketatu behar" Udalberriren arabera

uriola.eus 2017ko uzt. 5a, 09:06

Bilbao BBK Live jaialdirako Udalberri koalizioko zinegotziek jaso dituzten gonbidapenei uko egin diete. EH Bilduk gonbidapenak hiritarren artean zozketatzea erabaki duen bitartean, Udalberri ez da zozketatzearen alde azaldu. 

Bilboko Udalean ordezkaritza duenetik uko egin die Bilbao BBK Live jaialdirako gonbidapenei Udalberri-Bilbao en Común koalizioak. Aurten ere, Last Tour International enpresa sustatzaileak telefonoz eskainitako 33 sarrerak ez onartzea erabaki du. 

Podemos, Ezker Anitza–IU, EQUO eta independenteek osatutako koalizioko kideek kode etikoa sinatu zuten zinegotzi karguaren jabe egitean. Kode horren arabera, "politikoek urtetan izan dituzten pribilegio guztiekin amaitzea" dute helburu. Pribilegio horien artean daude "bi urteko legegintzaldian eskaini dizkiguten kultur eta kirol ekitaldietarako gonbidapen ugari", adierazi dutenez. 

Carmen Muñoz eta Amaia Arenal zinegotziek ez dute uste ordezkari politikoek horrelako pribilegiorik izan behar dutenik hiritarrek jaialdira joateko ordaindu behar dutenean. Ez zaie egokia iruditzen ezta gonbidapenak onartzea edota zozketatzea, "pertsona bakan batzuei mesede egingo litzaiekelako".  

 

[2017-07-04] EH Bilduk pribilejioekin bukatu eta ikuskizunetarako sarrerak herritarren artean banatzea proposatu du