Lan gatazka arrunt bat baino gehiago "gizarte eta genero arloko gatazka"

uriola.eus 2017ko uzt. 6a, 09:16

Argazkiak: @ELAsindikatua eta @alternatiba

Hamasei hilabetez luzatu den gatazkaren 210. greba egunean Bizkaiko zahar-etxeetako langileek manifestazioa egin dute, ELAko ehunka ordezkarik babestuta. Grebalariek adierazi dute espazio pribatua utzi dutela, "ikusezinak izateari utzi diogu", eta espazio publikoan sartu direla. "Zainketak lana ere badirela, zerbitzu publikoa badirela, eta lan-baldintza eta bizi-baldintza duinetan eman behar direla" aldarrikatu dute. 

Bizkaiko zahar-etxeetako langileen gatazka beste edozein gatazka bezala hasi zen, baina atzokoan argiro azaldu zuten grebalariek, 210. greba egunean, "lan-gatazka arrunt baten mugak" gainditu dituela, eta begi-bistakoa dela "gizarte eta genero arloko gatazka" dela.

Manifestazioan zehar partaideek argazki batzuk erakustea erabaki zuten. "Gure borrokaren une hunkigarriak, pertsonak, elkarteak eta erakunde laguntzaileak" ageri ziren argazkietan. Hamasei hilabetez luzatu den gatazkan "adorea, sostengua eta indarra eman dizkiguten guztiak" gogoan izateko modua zen. Izan ere, "denen bultzada" beharrezkoa dute oraindik ere konpontzetik urruti dagoen "grebarekin jarraitzeko, eta zahar-etxeetan gauden guztiontzat, langileontzat eta egoiliarrentzat, bizi-baldintza hobeak lortzeko".

Genero ikuspuntua oso presente izan zuten grebalariek Foru Jauregi aurrean amaitu zen manifestazioaren ondoren hitza hartu zutenean. "Gure lana zainketak dira, emakumeek beti egin ohi duten lan ikusezina, gizartearen eta diruaren aldetik ordainik jaso ez duena; eta egoera hori da gure gatazkak aldatu nahi duena".

Egoera iraultzeko Bizkaiko zahar-egoitzetako emakumeek, lehenago Gipuzkoakoek eta Ariznabarrakoek egin zuten bezala, espazio pribatua uztea erabaki dute: "Ikusezinak izateari utzi diogu, eta espazio publikoan sartu gara. Kalera atera gara eta zainketak lana ere badirela, zerbitzu publikoa badirela, eta lan-baldintza eta bizi-baldintza duinetan eman behar direla ozenki aldarrikatu dugu".

Aurrez aurre dituzte patronala eta Bizkaiko Foru Aldundia. Biek ala biek "sistemak ezarri digun rolean jarraitzea, ikusezinak eta ahulak izatea nahi dute. Horrela Aldundiaren enpresa lagunkideek beren mozkin handiak negozio ziur batean ugalduko dituzte".

Estrategia aldaketa

Aldi batez Foru Aldundiak eta patronalek "gaizkile moduan" tratatu dituztela salatu dute, "bigarren mailako herritarren moduan, menpekoak edo manipulatzeko errazak" balira bezala, "ekimenik edo erabakitze-gaitasunik gabeak, guri begirunea galduz eta gu beldurtu nahian". Baina, orain, "beren helburua lortu beharrean kontrakoa lortu dutela ikusitakoan", estrategia aldatu dute eta erasora jo dute. 

Azken hilabeteotan, Bizkaiko Foru Aldundiaren "akuiluaz" eta Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen "ezin eskertuzko laguntzaz", %90eko gutxieneko zerbitzuak ezarri eta "makineria juridiko oso bat abiarazi dute, gu isilarazteko, indargabetzeko, itotzeko, eta azkenean guk amore eman dezagun".

Ekintza horien aurrean ozenki esan diete Bizkaiko Foru Aldundiari, sektoreko hiru patronalei (GESCA, LARES eta ELBE) eta Eusko Jaurlaritzari "ez gaituztela makurtuko, ez garela geldituko, estrategia berri horrek ere huts egingo duela".

Borrokatzea erabaki dute eta ez etsitzea. Besteak beste, gogor kritikatu dute Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuaren jarrera. "Egoiliarren sufrimendua eta arreta eskasa artez ikusten ditugunok geu gara, aldundi axolagabe horren ardurapeko zerbitzu honetan bizia eta osasuna galtzen ditugunok geu gara, eta aldiz Isabel Sanchez Robles, agintekeria osoz, ez da makurtu ezta guri entzutera ere".

Aurrerantzean, orain arte bezala, 35 orduko lanaldia, 1.200 euroko soldata eta langile gehiagoren kontratazioa exijitzen jarraituko dute, eta hori guztia sektore-hitzarmen batean edota enpresa-hitzarmenetan jasotzea, Bilboko Miravilla egoitzako lankideek dagoeneko lortu duten modu berean.