'Gora rokanrrolla' goiburupean, 'Mozal legearen' aplikazioa salatuko dute

uriola.eus 2017ko uzt. 10a, 08:00

Alde Zaharrean, larunbatean, batzar informatiboa, prentsaurrekoa eta kalejira egitekoak dira, Mozal legea dela eta, aplikatu diren azken zigorrak gaitzesteko, umorerik galdu gabe. 

Mozal legearen aurkako "ekimen umoretsuak" iragarri dituzte uztailaren 15ean La Bolsa eraikinean lehenik eta Zazpikaleetan gero, Gora rokanrrola! Mozal legerik ez! lelopean. Besteak beste, ekimenaren helburua da Alde Zaharreko Julen Orbea tabernariari berriki ezarritako isuna salatzea. 

Ekainaren 23an, Orbeak jakinarazi zuen Alde Zaharreko beste tabernari bat kalean "Rokanrrol!" oihukatu eta rockeroen zeinu ezagunarekin agurtu ostean hainbat ertzainek identifikatu eta isuna jarri ziotela. Bere esanetan, beti bezala aipatu keinuarekin agurtu zuen lanean zen laguna eta ertzainek beraien aurkako iraina zelakoan identifikatu egin zuten beranduago.

Azalpenik eman gabe kalera atera zutela salatu du, eta irain eta mehatxuak jaso zituela. Mozal legea gisa ezagutzen den Herritarren Segurtasuna babesteko 4/2015 Lege Organikoaren 14. artikulua urratu duela jartzen du jasotako isunean. Ertzaintzaren idatziaren arabera ez dute "duda izpirik" furgonetari egin ziola "adarren keinua".

Hainbat bizilagun eta tabernarik egoera ikusi ostean elkartasuna erakutsi diote, eta horrela animatu zen gertatua kontatzera. gorarrokanrrola@gmail.com helbidea sortu du, herritarren ekarpena jaso eta salaketa kanpaina hasteko.

[2017-06-27] Julen Orbea: Gora Rokanrrola!