Bardeetan egingo du lehen geldialdia eguerdi aldera Mugak Zabalduz karabanak. Euskal Herriko txoko desberdinetatik irtendako lagunak batzeko topagunea ere izango da. Bertan "gerren, armagintza-negozioaren eta mugetako zaintzaren kontrako" protesta egitea dute xede.
Bihar, hilak 15, Madrilen, Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratzea egitekoak dira. Espainiako gobernuari zuzenduko zatzaizkio karabanako kideak "Espainiako eta Europako migrazio-politikek eta mugen kontrolak migratzaileen eta errefuxiatuen bizitzan dituzten ondorio dramatikoak" gaitzesteko.
Izan ere, karabanaren helburua da "ihesi datozen milioika pertsonaren eskubideak errespeta daitezen eskatzea". Hain zuzen ere, Europako, Espainiako eta Euskal Herriko gobernuek eta enpresek "elikatutako gerretatik ihesi datoz, gosetik, pertsonen salerosketatik eta trafikotik, aldaketa klimatikoren ondorioetatik eta mota askotako jazarpenetik eta biolentziatik, hala nola, esplotazio sexuala egiteko helburuz izaten den nesken eta andreen salerosketa, indarkeria matxista, orientazio edo identitate sexualagatik egiten dena, eta abar".
Europa hegoaldeko mugan egoera "onartezina"
Hiru egun emango dituzte karabanako lagunek Melillan, uztailaren 18tik 21era. Eztabaida publikoaren erdigunean jarri nahi dute Europako hegoaldeko mugan "egoera onartezina" dela. Besteak beste, "Melillako eta Ceutako hesi kontzertinadunengatik, 'beroan' egindako legez kanpoko kanporaketengatik, FRONTEXen kontrol-politikagatik, Europako Batasunaren eta Espainiako gobernuak Europan asilo eta aterpe bila datozenei uko egiteagatik, Mediterraneoan hiltzen jarraitzen duen jende piloagatik, asilo-prozedurari jartzen zaizkion etengabeko trabengatik edo mugak externalizatzeko politikagatik, eta giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeekiko hitzarmenengatik, Marokon, Turkian edota Libian egiten dena".
Karabanako antolatzaileen arabera Europan xenofobia gero eta zabalduagoa da. Horregatik funtsezkoa iruditzen zaie errefuxiatuen eta migratzaileen duintasuna defendatzeko prest egotea, "pertsonarik zaurgarrienak baitira, bai eta mugak gurutzatzearen zain daudenei itxaropen eta elkartasun-mezu bat helarazteko ere".
450 karabanakideek arreta jarri nahi dute "migrazio-politika hiltzaileen ondorio dramatikoetan, pertsonak erailtzen ari baitira. Axolagabekeriaren muga zabaldu nahi dugu, zeren, muga fisikoez gain, muga mentalak eta diskurtso xenofoboak eraiki baititugu migratzaileak eskubiderik gabeko beste eremu batean jartzeko, gurean onartuko ez genituzkeen gertakariak onartuta".
Bilbon eta EAEn bada zeregina
Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren jarrera gogor kritikatu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformako kideek "diskurtso bikoitza" erabiltzegatik. Batetik, errefuxiatuak hartzeko abegikor agertzen dira eta, bestetik, "San Frantzisko kalea ixten dute parez pare identifikatzen dituzten etorkinak falta administratibo bategatik CIE zentroetara bidaltzeko", edota "kulturako guneak hiri erdigunetik kanpora bideratzeko arauak onartzen dituzte kristau fededunek erdigunea erabiltzeko batere arazorik ez dutenean".