Aste Nagusia 2017

Konpartsak Aste Nagusirako bero-bero

uriola.eus 2017ko uzt. 17a, 09:16

Hilabete inguru baino ez da falta aurtengo Aste Nagusia hasteko eta konpartsak, uztailaren erdialdera egin ohi duten bezala, Areatzan bildu ziren Konpartsakide Eguna ospatzera.

Goiztiarrenak umeak izan ziren. Aurten Urtxintxa Eskolaren laguntzarekin konpartsakide gazteenek txoko propioa izan dute Areatzan, Konpartsakide Egunean. Umeen asanbladaren baitan pentsatu eta erabakitako gunea atondu dute: joasgune parte-hartzailea. Bertan burutzeko jarduerak ere eurek adostutakoak izan dira. Igerilekua, zirkuitua, espazio librea, eszenatokia... eta inoiz baino gusturago ibili dira.

Pintxo lehiaketak konpartsakide nagusiagoak bildu zituen Kiosko inguruan muntatu zen aire libreko sukaldean. Nork bere dohain eta irudimena erakutsi zuen pintxoak prestatzerako orduan. Oso ale ikusgarri eta goxoak aurkeztu zituzten.

Eguerditik aurrera, Eusko Labeli esker, konpartsek tomatea eta piper berdeak banatzeari ekin zioten. 100 kilo tomate eta 500 dozena piper. Asko izan ziren lerroan formal itxaron zuten hiritarrak Euskal Herriko barazkiak dastatzeko. 

Jatekoa ez ezik edatekoa ere izan zen joan den larunbatean, Areatzan. Euskal Herriko txakoli eta ardoen dastaketa saioa, hain zuzen ere, Mikel Garaizabal Pildain ardoaren kulturaren dibulgatzaileak eta sommelierrak gidatuta. Bizkaiko Txakolina izendapenak babestutako ekimena izan zen.

Ordurako 2.000 bat konpartsakide barreiatuta zeuden pasealekuan zehar, arbolapean, nor bere bazkaria, mahaiak eta aulkiak prestatzen. Gehienen plateretan entsalada eta paella nagusitu ziren, eta eztarria bustiteko ardo beltza. Ez ziren falta izan kamiseta koloretsuak, umore ona eta parrandarako gogoa. Hilabete barru, abuztuaren 19tik aurrera, bederatzi egunez antzeko irudia ikusiko dugu leku berean. 

Konpartsek, hortaz, aurtengo Aste Nagusirako prest daudela adierazi dute: "Jaizale eta Aste Nagusiaren zale amorratuak lapikoak berotzeari ekin diogu, Aste Nagusirako atzera kontua hasi den honetan". 

 

Bazkalostean

Ohi bezala, bazkalostean kantuka eta dantzaka ibili ziren konpartsakideak. Kioskoan Naroa Gaintzak zuzentzen duen Izerdi Gorria taldea aritu zen erromeria animotsua eskaintzen. Lotsarik gabe, konpartsakideek kioskoko agertokira igo eta kantu eta dantza jardun zuten abestiz abesti, amaiera heldu zen arte. Bukatzeko, "Marijaia bera, gure Marijaia, Bilbora etorri da Aste Nagusira" abestu zuten pozarren besoak zabal-zabal zeuzkatela. Izan ere, hilabere inguru barru, etorriko da Marijaia. 

Ez zen hor amaitu eguna. Orkrestako lagunek musika-tresnak eskuan eta magafonia lepoan konpartsakide nekaezinenak Zazpikaletan murgildu zituzten. Kalez kale ibili ziren 80ko eta 90eko hamarkadako abesti gogoangarriak joz eta jendea dantzaka eta kantuka jarriz.

 

Erresidentzietako langileak

Bizkaiko adinekoen erresidentzietako langile grebalariak manifestazioan sartu ziren Areatzan. Hitzarmen duinaren aldeko aldarria zabaldu zuten baita Konpartsakide Egunean ere. Hainbat konpartsakidek txalo egin zieten manifestazioa paretik pasatzean. 

 

[2017-07-11] Konpartsakide-eguna datorrela, Aste Nagusirako gonbite gastronomikoa egin dugu Bilboko Konpartsok