Bilboko Udalak eta Google multinazionalak indarrak eta baliabideak batu dituzte hiribilduan teknologia berriak (IKT) eta mugikorren aplikazioak sustatzeko, bai herritar eta eragileen artean, bai enpresa eta garapen-zentroetan. Helburua da bisitatzen gaituzten turistak ondo ezagutzea sektorea indartu ahal izateko.
Go App Bilbao eta CimubiSARIA Erronka Teknologikoaren lehiaketak izango dituen bi faseak. Lehenengoan, oraintxe hasiko dena, proposamenak eta ideiak aurkeztu ahal izango dira, eta izena emateko epea urriaren 19an amaituko da. Prototipoak emateko prozesuan zehar, Googlek besteak beste zalantzak argitzeko eta proposamenak bideratzeko bilera tekniko bat antolatuko du. Izena ematen duten guztien artean, epaimahaiak 5 finalista hautatuko ditu, baina saridun bakarra egongo da. Saria 5.000 eurokoa izango da, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Franciso Ruiz Google Espainiako eta Google Portugaleko Politika eta Gai Publikoen zuzendariak emango dute urriaren 24an.
Saria emateko ekitaldian, lehiaketaren bigarren fasea abiaraziko da, CimubiSARIA delakoa. Bertan, proposamenak benetan aplikatzea proposatzen da, eta OPEN ezagutza sortzeko gaitasuna sarituko da.
Etapa abenduaren 17ra arte egongo da irekita, eta aplikazioen ekoizpena martxan jarri ahal izango da ordura arte. Fase honetan zerbitzu informatikoetan espezializatutako Cimubisa udal-sozietateak zuzenean jardungo du. Lehenengo saria 6.000 eurokoa izango da, baina horrez gain bi accesit egongo dira, 2.000 eurokoa bakoitza.
Proiektuaren edukia honako hauekin egingo diren bilera teknikoetan jakinaraziko da: hiru unibertsitateak (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea); LHko zentroak; Auzofactory eta enpresa-inkubagailuak (InnoLab Bilbao…); Internet Euskadi elkartea eta ASLE (Euskadiko Lan Sozietateak), Euskal Encounter sarea, Bilbao As Fabrik proiektua eta Bilbo Handiko eta inguruetako IKT munduko hainbat protagonista ere.
Lehiaketaren helburuak
Gotzone Sagardui udaleko Alkatetza, Kontratazio eta Giza Baliabideen Saileko zinegotziak plazaratutako helburua da garapen ekonomikoa sustatu eta enplegua sortzea teknologia berrien sektore estrategikoan, baita ere enpresak sustatzea aplikazioak garatu eta sor ditzaten eta IKTtan prestatutako gazteen talentua sustatzea. Eta beste alde batetik, gailu mugikorren erabilera aplikatzea eta iraultza digitalak Bilbok turismo-sektorean izango duen eragina indartzea.
Udalak datu guzti horiek erabili nahi ditu teknologia berria erabiliz kalitate oneko zerbitzuak eskaintzeko eta eskariaren arabera egokitzeko. Horretarako, datuen analitika aurreratuak egingo dituzte.
Google Bilbon
Esperanza Ibañez Google Espainia eta Portugaleko Politika eta Gai Publikoen senior managerraren arabera, Bilbo hautatu da, batez ere, udalak egindako ibilbideagatik, “lan handia egin baitu” teknologiak politiketan sartzeko enpresa eta herritarren alde. “Sozietate zibila, hau da pertsonak, elkarteak eta gizarte-taldeak, ezinbestekoak dira hiriak garatzeko, eta haien ideia eta esperientziekin Bilboko Udalak herritarren bizitza hobetzeko egiten duen lanaren alde egiten lagun diezagukete.
Googlen ordezkariak, halaber, esan du proiektu honen zati garrantzitsu bat ekosistema mugikorra dela. “Mugikorrei buruz aritzen garenean, sistema eragileei eta gailuei buruz ari galera uste dugu, baina ekosistema garatzeko oinarrizko zerbait ahazten zaigu: garatzaileak. Mundu osoan 5 milioi lanpostu baino gehiago betetzen dituzte, eta horien heren bat Europan dago kokatuta. Hori dela eta, Bilbon anbizio handiagoko aurrerapauso bat egingo da ideiak erronka berri dugun turismoan aplikatzeko eta garatzeko proposamena eginez”.
Beste hiri batzuetan irtenbide teknologikoak egin dira, formatu mugikorrean, baina ideiak bakarrik. Bilbon, aitzitik, lehenengo aldiz aurkeztu da erronka teknologiko bat, ideiak proposatzea eta horren ostean aplikazioak eta garapenak zehaztea, alegia. Madrilen kasuan, herritarrei kutsadura murrizteko erabakiak hartzeko aukera ematen dizkieten proposamenak definitu dira, Sevillan enplegua sortzekoak, Santanderren tokikoak diren ekintzailetza-ekimenak sustatzekoak eta Toledon hiria hobetzeko hiri-altzarien edo bide publikoaren hutsen berri ematekoak.