Bilbao Ideien Gunea (BIG) udal-zentroaren laguntzaz negozio-proiektu berriak abiaraziko dituztenek lehentasuna izango dute ekimenen finantzaketan. Horrela adostu dute Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, eta Kutxabankek izenpetu duten hitzarmenari esker. Hitzarmen horren bitartez, mikroenpresa berrien sorrera sustatuko da hirian, autoenplegua bultzatuko da eta dagoeneko martxan diren negozioak finkatu eta hedatuko dira.
BIG Bilbao zentroak finantzaketa eskuratzeko laguntza eskaintzen die ekintzaileei. Sinatu duten hitzarmena jarduketa-ildo horren barruan kokatzen da, hain zuzen; eta helburu du Bilbao Ekintzak babesten eta jarraitzen dituen proiektuak sortu eta garatzea sustatzea. Iaz, Bilbao Ekintzak lagundutako enpresa-ekimenek 1.360.000 euroko kanpoko finantzaketa lortu zuten.
Kutxabanken finantzaketa eskuratzeko, enpresa-proposamenek enpresa-plan bat eta Bilbao Ekintzaren teknikariek eginiko aldeko bideragarritasun-txosten bat eduki beharko dituzte. Finantza-erakundeak espezialista bat izendatuko du, BIG Bilbaoren erabiltzaileek aurkezten dituzten proposamenak bideratzeko. Lankidetza-hitzarmenak urtebeteko indarraldia dauka, eta urtebeteko aldietan luzatu daiteke.
Bulegoa
BIG Bilbao Bilboko Udalaren ekintzailetza-zentro berritzailea Colon de Larreategi kaleko 3. zenbakian dago. Zentro horretan, hiritar ekintzaileei zuzendutako baliabide eta ekimen guztiak bildu dira, eta bere misioa da Bizkaiko hiriburua negozio berriak sortzea erraztu eta sustatuko duen inguru bihurtzea. Ekintzailetzaren alorreko erreferentziazko espazio hori bada ekintzaileen arteko networkinga egiteko leku eta topagune bat ere, enpresa-proiektuen arteko sinergiak sustatzen ditu eta. BIG Bilbao ekin nahi dutenentzako sarbide nagusia da, eta informazio- eta orientabide-nodo gisa dihardu ekintzailetza-prozesu guztian zehar.