uriola.eus

Bilboko Udalak 218 plaza betetzeko lan eskaintza publikoa onartu du 2017rako

  Udal gaiak  Bilbo

Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko administrazio guztien artean, lanpostu gehien eskaini dituena eta garrantzizkoena da. Orain azterketen deialdiak zehazteko egutegiak prestatuko dira, gutxieneko epeetan, azkar eta erabateko segurtasun juridikokoarekin betetzeko.

Bilboko Udalak, Gobernu Batzordearen gaurko bileran, 2017rako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartu du, 218 plaza betetzeko. Gotzone Sagardui Alkatetza, Kontratazio eta Giza Baliabideen Saileko zinegotziak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko administrazio guztien artean, foru-diputazioak barne, lanpostu gehien eskaini dituena da. Era berean, badira gutxienez hamar urte Bilboko Udalak ez duela abian jarri neurri honetako LEPrik.

Plantilan izandako aldaketak eta langileen premiak aztertzeko Udaleko sailek elkarlanean, adostasuna lortuta eta lana taldean eta sakon eginda jardun dute eta, horren ondorioz, onartu dira bete beharreko plazak. Eskaintza publiko honen bidez, Udalaren egitura orekatu gura da azken ekitaldietako murrizketen ostean. “Lan-poltsa handi hau Bilbon ateratzea -adierazi du zinegotziak- sano albiste ona da, bai udalerako, bai uri osorako, langile berriak ekartzea delako, administrazio modernoa, eta garai berrietara egokitua lortzeko; pixkanaka eta modu orekatuan gero eta gazteagoa izango den plantilak hutsik dauden lanpostuak bete eta XXI. mendeko erronkei egingo die aurre.”

Horrez gain, Gotzone Sagarduik azaldu du LEP berriaren helburuetako bat Udaleko bitartekotasun-tasa gutxitzea dela, kalitatezko enplegu publiko finkoa eskainita.

Deialdiak

LEPa Gobernu Batzordearen gaurko bileran onartu ondoren, azterketen deialdiak zehazteko egutegiak prestatuko dira, gutxieneko epeetan, azkar eta erabateko segurtasun juridikokoarekin betetzeko.

Proposatutako 218 lanpostuetatik 15 (% 7) desgaitasunen bat duten pertsonentzat dira. Guztira, hauek dira atera diren lanpostuak: 25 plaza Udaltzaingoko agente izateko, 10 suhiltzaile izateko; Administrazio Orokorreko Teknikarien 23 plaza, Administrazio orokorreko laguntzaileenak 65, Menpekoen 30 plaza, gizarte-langileenak 17, Delineatzaileenak 6, Industri Maisu/Teknikari espezialistarenak 3, Ofizioetako Ofizialarena 1, Arkitektoarenak 6, Ingeniariarenak 3, Arkitekto Teknikoarenak 6, Ingeniari Teknikoarenak 3, Ekonomialariarenak 2, Albaitariarenak 2 eta Albaitari laguntzailearena 1, Laborategiko Teknikariaren plaza 1, Medikuaren plaza 2. Hiri Higieneko Teknikariaren plaza 1, Kalitateko Teknikariarena 1, Garapenerako Lankidetzako Teknikariaren plaza 1, Erizaintzako Diplomatu 2, Immigrazioko Teknikarienak 3, Liburutegiko Laguntzaile 1, Gizarte eta Kulturako Suspertzailearen plaza 1, Genero Indarkeriako Teknikari Bitartekariren plaza 1 eta Obretako Ikuskatzailearen plaza 1.

Aldi berean, irailetik aurrera 31 lanpostu beteko dira barne-sustapeneko prozesuaren bidez. Une honetan, gogoan izango duzuenez, Bilboko Udala buru-belarri ari da Udaltzaingoaren agente izateko 55 plazen deialdiko azterketak egiten.

Neurri horiekin, Bilboko Udala urrats sendoak ematen ari da giza baliabide egokiz hornitzeko udala, aurrekontuei buruz indarrean dagoen legeak horretarako aukera ematen duen heinean; betiere, lan finkoa eta kalitatezkoa lortze aldera.

Udaltzaingoaren EPEak bateratzearen aurka

ELA eta LAB Udalak udaltzaingoko agente izateko eskainitako 25 plazen bateratzearen aurka agertu dira. Udalak LEP esleitzeko lanak Arkaute enpresaren bitartez egiten du eta sindikatuen iritziz, garrantzitsua da udaltzain postua eskuratzen duen pertsona bertakoa izatea, hots, bilbotarra. Beste enpresa baten bitartez eginez, "Udalak ez du ez gaitegia, ez prozesuaren nondik norakoak erabakiko ezta parte-hartzaileak kalifikatu ere."

[2017-07-26] ELAk eta LABek arbuiatu egiten dute Bilboko Udala Udaltzaingoan EPE bateratuak egiteko proiektura batzea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa