RESER (European Association for Research on Services) sarearen Zerbitzu Aurreratuei buruzko Kongresuaren XXVII. edizioa antolatuko dute datorren astean. Bilboko Udalak eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak antolatu dute mundu maila topaketa, non Europako ikerkuntzaren alorreko 100 bat profesionalek egingo duten bat.
Irailaren 7tik 9ra bitartean, industriako zerbitzu aurreratuen munduko hiriburua izango da urian. Europa osoko ikerkuntzako, kontsultoretzako, enpresetako eta erreferentzia-zentroetako profesionalak bilduko dira, zerbitzuek enpresa eta hirien lehiakortasuna sortzen betetzen duten eginkizuna aztertzeko.
Kongresuak zazpi gai nagusiren inguruan antolatuko da: hiria zerbitzu-sektorearen katalizatzaile, zerbitizazioa, zerbitzu-ekosistemak, zerbitzuen alorreko berrikuntza, nazioarteko aurreikuspenak, balio-sorrera eta erronka metodologikoak.
Hiriak eta zerbitzu-sektorea
Topaketaren helburua zerbitzu aurreratuen sistema bat aurkitzea izango da, hiriek aurrera egiten duten erritmo berean sektoreari aurrera egiten laguntzeko. Ekonomiaren digitalizazio gero eta handiagoak ere eragin handia du zerbitzuen sektorean. Zehazki, zerbitzuetako balio-proposamen berrien bidez produktu-eskaintza osatzeko aukera eskaintzen dute 4.0 industriako teknologiek. Hori dela eta, zerbitzuek produktua osatu eta balioz hornitzeko formula bilatuko dute kongresuan.
Lankidetza-sistemak
Zerbitzu-enpresek lankidetzan jardun beharra izaten dute, negozio lehiakorren eredu berriak sustatuko dituzten ekosistemak sortzeko. Networking-ekintzen bidez, eragile edo interes-talde publiko eta pribatuak estrategia bakarra koordinatzen saiatuko dira, industria-sektoreko merkatua eraginkortasunez eta beharrei erantzunez erakartzeko Bilbora.
Ildo horretan, industrien zerbitizazioaren inguruan lanean ari diren europar proiektuak aurkeztea izango da kongresuaren ardatz nagusietako bat. Horien artean, AS FABRIK hiri-proiektu estrategikoa aurkeztuko da: Bilbon zerbitzu aurreratuen sektorea bultzatzeko abian dagoen proiektua.
Zerbitzu-sektorearen urteroko topaketa
Zerbitzu aurreratuek ekonomia lehiakorragoa garatzeko bete lezaketen eginkizuna ikusaraztea da RESER sarearen helburua, 1988an sortu zenez geroztik. Orobat, 1991tik aurrera, sare horrek kongresua egiten du urtero, ikertzaileek aurrerapen nagusien berri eman dezaten eta ikerkuntza-proiektu berriak abian jar daitezen.
Jardunaldiak eta programa
Kongresua irailaren 7an hasiko da, 19:00etan. Zerbitzuei buruz Ikertzeko RESEReko lehendakari Patrik Strömek, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak hartuko dute parte hasiera-ekitaldian.
Haren jardunaren ostean, Andreas Schroeder irakaslearen txanda izango da. Erresuma Batuko Aston Business Schoolen da irakasle, eta Zerbitzu Aurreratuen Taldeko (ASGko) kidea da. Gai hau izango du hizpide: Manufakturaren zerbitizaziotik zerbitzu aurreratuetara, ikuspegi eraldatzaile bat. Zerbitzu aurreratuen testuinguruan, Interneten eta datuen eginkizunari eta balioari buruzko ikerketa bat ari da zuzentzen Schroeder. Haren jardunaren ostean, aldibereko saioak hasiko dira. Arratsaldean, 17:00etan, Zerbitzu aurreratuen garapenerako estrategia Bilbon aurkeztuko du Bilbao Ekintzak.
Irailaren 8an, 14:00etan izango da hitzaldi nagusia, entzunaretoan, Norman Roseren eskutik. European Centre for Facility Management zentroko idazkari nagusia eta European Business Services Round Table elkarteko lehendakaria da eta Europako Batzordeak abian jarritako zerbitzu-lantalde nagusietako kidea izan da Norman Rose. Hauxe da jardunaldian azalduko duen gaia: Europa aldakor honetan mugaz gaindiko zerbitzuak errazteko jardunbide egokien arauak egite». Haren ondoren, Nanno Mulder arituko da. CEPALeko Nazioarteko Merkataritza eta Integrazio Dibisioko senior ekonomialaria da. Hauek dira, besteak beste, gaur egun dituen ikergai nagusiak: balio-kateak, zerbitzu globalak, merkataritzaren eta produktibitatearen arteko lotura eta ETE-en internazionalizazioa.
Arratsaldean, 17:30ean, Mondragon Korporazioaren zerbitizazio-estrategiari buruzko osoko saioa izango da. Larunbatean, irailak 9, RESER kongresuari amaiera emateko, Elkartearen Batzar Nagusia egingo da.
Kongresua amaitzen denean, eskuragarri egongo da jardunaldian ezagutarazitako artikulu osoak jasoko dituen liburu elektronikoa. Webgune honetatik deskargatu ahal izango da: www.reser2017.com.