Udaltzaingoak ibilgailuen abiadura zaintzeko kanpaina hasi du

uriola.eus 2017ko ira. 4a, 08:49

Kontrolak gaur, irailaren 4an hasi eta irailaren 10era arte egingo dira. Helburua da gidariak bolantearen aurrean duten erantzukizunaz jabetzea, bide-segurtasuna bermatzearren. Iazko kanpainetan Udaltzaingoak kontrolatutako 461.480 ibilgailuetatik % 0,22 salatu zituen.

Irailaren 4an, astelehena, hasi eta irailaren 10era, igandea, bitartean, Bilboko Udaltzaingoak ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina gauzatuko du. Ekimena Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta helburua da gidariak bolantearen aurrean duten erantzukizunaz jabetzea, bide-segurtasuna bermatzearren.

Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren zazpi egunetan zehar, hirian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, unean bertan emango diote arau-hausleari muga gainditzearen berri, kanpaina dibulgatzailea izateagatik eta gidariek erantzukizuna hartzearren; besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Koordinazio eta Trafiko Sailak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aurrez ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

Iazko datuak

Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko lau kanpaina egin ziren iaz. Udaltzaingoak kontrolatutako 461.480 ibilgailuetatik 1.032 salatu zituen, hau da, guztien %0,22. Kanpaina honetan ere kontrolak goizez eta arratsaldez jarriko dira Bilboko zirkulazio-sarean, euren kokapena dela-eta gidarien segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak gerta daitezkeen lekuetan.