Bilbo finalista suertatu da Europako 2018ko hiririk onenaren lehiaketan

uriola.eus 2017ko ira. 5a, 10:48

The Academy of Urbanism nazioarteko erakundeak urtero ematen duen saria da. Aurten, Bilbo izendatuta dago Ljubljana eta Viena hiriekin batera, eta azaroan Londresen jakinaraziko da zein hirik irabazi duen. Erakundeko ordezkariak gaur etorri dira hiria ebaluatzera.

The Academy of Urbanism erakundeko epaimahaia osatzen duten ordezkariak egun birako etorri dira Bilbora hiri hau ebaluatzera, ez bakarrik hirigintza arloko gaietan; kontuan dituzte ingurumenari eta gizarteari dagozkionak ere, gai berritzaileak, gobernantza, ezaugarriak…Bilbok Europako 2018ko Hiririk Onenaren saria merezi duen erabakitzeko.

Bilbo finalista geratu da Ljubljana eta Viena hiriekin batera eta azaroaren 8an Londresen jakinaraziko da zein hiri den irabazlea.

Horregatik, egun hauetan, The Academy of Urbanism erakundeko ordezkariak Bilbon daude hiria bertatik bertara ikusteko agenda bete-betearekin. Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak harrera egin die gaur goizean udaletxean, zuzenean azaltzeko “hiriaren azken hamarkadetako bilakaera, zelan eraberritu garen historian zehar eta zelan jokatzen dugun Bilbo zibikoaren, bizikidetzaren, berrikuntzaren, teknologiaren eta irisgarritasunaren alde. Hiriari eraldaketa urbanoaren prozesua aitortu zaio, eta orain beste urrats bat eman gura dugu: gizarte osoak eskainitako balioak partekatuz eraikitzea Bilbo; munduak gaur planteatzen dituen erronkei erantzungo dieten oraingo eta bihar-etziko proiektuen oinarri diren balioez dihardugu”.

Alkatearekin gaur goizean izandako bileraz gain, ordezkariak zenbait departamentu eta erakundetako teknikariekin eta arduradunekin bilduko dira eta herriak zer eskaintzen duen ezagutuko dute zuzenean. Honako gai hauek dira epaimahaiaren jakinmina suspertzen dutenak: azpiegiturak, zerbitzu urbanoak, mapa politikoa, hemengo kultura, bizimoduaren eta ongizatearen kalitatea, jasangarritasuna, ingurumena, konektibitatea edo merkataritzaren arrakasta eta bere bideragarritasuna.

Erakundea

The Academy of Urbanism irabazi asmorik gabeko erakundea da, independientea politika mailan, Erresuma Batuko eta Europako hiriak aintzat hartzea bultzatzen duena, hirigintza arloko praktika onak identifikatzeko eta sustatzeko. Urbanism Awards deritzenak dira kalitate handiko ingurune berritzaile eta jasangarriak bilatzen dituen erakundearen plataformarik garrantzizkoenak.