Gure Esku Dago (GED) mugimendu herritarrak adi-adi jarraitzen du subirautzaren aldeko prozesu kataluniarra, "ilusioz, itxaropenez, arduraz eta, batez ere, arretaz". Epe laburrean une garrantzitsuak biziko dituzte Katalunian, "gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabakitzera doaz", eta urriaren 1eko erreferenduma dela eta, Angel Oiarbide eledunak mobilizatzera deitu ditu euskal herritarrak, erreferenduma Euskal Herritik babestera: "Herri kataluniarraren ametsa betetzeko zorian dago, eta bere ametsa gure ametsa ere bada: herritar gisa erabakitzea". Ildo berean, Zelain Nikolas eledunak ere kalera ateratzeko premia azpimarratu zuen atzoko agerraldian: "Gure ere burua demokratatzat daukagunok ezin dugu urriaren 1ean gertatuko dugunaren zain egon; mobilizatu beharra dugu". Nikolasen arabera, urriaren 1ean, "demokrazia dago jokoan, botoaren balioa dago jokoan, bozkatzeko askatasuna dago jokoan, eta herritar guztien duintasuna dago jokoan, edozein dela haien pentsaera eta edozein dela haien jatorria".
Kezkatuta eta arduratuta daude GEDko kideak. "Demofobikotzat" jo dituzte katalanen bozkatzeko nahiari eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeari Espainiako Estatutik iragartzen dituzten erantzunak. Zentzu horretan, herritarron ardura da "autoritarismoari aurre egitea. Eta, beraz, euskal herritarron babesak balio behar du zigor bidea, neurri errepresiboak eta mehatxuak alde batera geldi daitezen". Finean, "erabakitzeko bozkatzea demokrazia delako, ulertezina da erreferenduma auzitegien jomugan jartzea eta herritarren botoaren balioa ukatzea. Kataluniako herritarren gehiengoaren borondate demokratiko eta baketsuari erantzuten dio erreferendumak, eta, horregatik, erreferenduma posible izan behar da".
Manifestazioa
Irailaren 16koa "mobilizazio herritarra, anitza eta bateratzailea" izango da GEDren arabera. "Jende uholdea" espero dute antolakuntzako lagunek. 40 bat pertsona ezagunek eman diote babesa jada manifestazioari. Besteak beste, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidenteak, Toti Martinez de Lezea idazleak edota Ramon Zallo soziologoak.
"Testuinguruak eskatzen duen tamainako erantzuna eman nahi dugu Euskal Herritik", adierazi du Oiarbidek. Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar guztiak batu nahi dituzte. "Denon artean babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Kataluniako herriari eta urriaren 1eko erreferendumari; baita Kataluniako erakundeei ere, eztabaida politikoari bide emateko erakutsi duten borondate irmoagatik, herritarren hitza eta erabakia lehenesteagatik eta hautetsontzietan jasotako agindua betetzeko hartutako konpromisoagatik".
Manifestazioak Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta Plaza zirkularra zeharkatu ondoren, Udaletxean emango dio amaiera, itxiera ekitaldiarekin. Herriz herri autobusak antolatzen ari dira, eta garraio bide hori edo garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute.
Diada larunbatean
Irailaren 11n da diada, Kataluniako Egun Nazionala. Assemblea Nacional Catalana (ANC) d'Euskal Herria plataformak elkarretaratzeak deitu ditu hego Euskal Herriko hiriburuetan larunbatean, irailak 9, Kataluniarekin diadan eta erreferendumean lelopean. Eguerdian dira lau deialdiak. Bilbon, Arriaga plazan egingo dute elkarretaratzea.