Bat-bateko elkarretaratzea izan da. Sare sozialetan zabaldu den deiari erantzunez, Plaza Eliptikora hainbat lagun bertaratu dira ikurrina, estelada, krabelin eta urriaren 1eko erreferendumeko boto-txartelak eskutan dituztela. "Kataluniako herriari eta atxilotuei elkartasuna" adieraztea eta "demokrazia" aldarrikatzea izan dute helburu Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean.
Ertzaintzako agenteak elkarretaratzean parte hartzen ari ziren herritarrei dokumentazioa eskatu diete. Horien artean zeuden EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko kargudun batzuk. Ertzainek atxilotuko dituzten "mehatxu egin" dietela salatu dute. Identifikatu egin dituzte kontzentrazio "baketsua" zela argitu arren.
Une batean, errepidea gurutzatu eta herritar batzuk krabelinak eta boto-txartelak utzi dituzte ordezkaritzaren egoitzan, "Katalunia aurrera" oihu artean.
Arratsaldean, 19:00etan, Bilboko Udaletxean, elkarretaratzea deitu dute hainbat eragilek. Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, EH Bildu koalizioak Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat, referéndum = democracia lelopean edota Elkarrekin Podemosek Por la democracia, el diálogo y el acuerdo, lelopean.