"Herrialde Katalanekin elkartasunez" kalera ateratzeko deia egin du Ernaik

uriola.eus 2017ko ira. 21a, 09:50

Argazkia: @ErnaiBilbo

Kataluniako erreferendumaren aurka Estatu espainiarretik zuzendutako atzoko polizia operazioaren aurrean, Ernai gazte erakundearen arabera, "orain inoiz baino gehiago" adierazi behar zaie elkartasuna Herrialde Katalanei. Gaur Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak. 

"Espainiako erresumako gobernu eta honen auzitegien mehatxuen gainetik", urriaren 1ean erreferendum "historikoa burutzera doa" Kataluniako herria Ernai gazte erakundearen arabera. Bide horretan Estatuko herrien laguntza eta elkartasuna kataluniarrek "ezinbestekoa" dutela nabarmendu du Ernaik, "oligopolio mediatikoek intoxikatu egin nahi duten bideorrian". Horregatik, gaur, hilak 21 osteguna, 19:30ean manifestazioa deitu du erakundeak Etxebarrieta Anaien Plazatik, "herrialde katalanekiko elkartasun iraultzaile beroa helarazi eta Euskal Herriak ere bere etorkizuna erabakitzeko hitza hartu behar duela lau haizetara oihukatzeko".
 
Baimenik ez aske izateko lemapean, gazteek kaleak hartuko dituzte, oihu argi batekin "independentzia!".

Erreferendumaren astean bertan, irailaren 28an, "mobilizazio egun nazionala" antolatu du Ernaik Bilbon, 12:30ean Eliptika plazatik aterako den manifestazioarekin.