Hazte Oir plataformaren autobusak ezin izan du bere kanpaina Bilbon zabaldu

uriola.eus 2017ko ira. 21a, 13:37

Jendetza Hazte Oirren autobusaren aurrean

Hazte Oirren autobus transfobikoa Bilbotik pasa da gaur goizean, baina ezin izan du bere egitaraua burutu. Horren kontra protestatzeko egin den elkarretaratzea jendez gainezka egon da.

Moyua plazan geratzeko intentzioa zeukaten, baina, azkenean, Euskadi plazan minutu batzuk gelditu eta gero, joan egin dira. Plataforma Ultra Katolikoaren autobusak Bilbotik buelta txikia eman du, eta ezin izan du aldez aurretik finkatutako egitaraua burutu. 

Eguerdi aldera heltzekoa zen Bilboko Moyua plazara, baina bertan zegoen elkarretaratzea ekidin du. Goizetik jendea hurbiltzen joan da, plaza ia bete arte. Ertzaintzak hortik hurbil dagoen Euskadi plaza babestu du, autbusa bertan gelditzeko asmoarekin.

 

Euskadi Plazan

Hori ikusita elkarretaratzean zeudenak lekuz aldatzea erabaki eta beste plazara hurbildu dira. Bertan, egitarauak zioen baino askoz beranduago iritsi da autobusa. Hazte Oirreko kideak momentu batez jaitsi egin dira, ertzaintzak babestutako kordoi polizialaren barruan. 

Protestek eten gabe iraundu dute, “kanpora”, “alde hemendik” eta “faxistak” etengabe oihukatuz. Jendetza bildu da Bilboko Arte Ederren museoaren aurrean Transfobia Kanpora! Lelopean eta ostadar bandera askorekin.

Autobus transfobikoak ezin izan du bere eginkizuna burutu, beraz, jaitsi bezain pronto barrura bueltatu dira eta autobusa errepidera itzuli da. 

 

[2017-09-21] Hazte Oir plataformaren autobusaren kontra protesta egitera dei egin dute