Helegitea ukatuta, Alfredo Remirez espetxeratzea erabaki du Espainiako Entzutegi Nazionalak

aiaraldea.eus 2017ko ira. 26a, 12:13

Alfredo Remirez, artxibo irudi batean / aiaraldea.eus

2005ean Amurrioko txupinazoan preso baten panpina ateratzeagatik espetxeratzeko erabaki irmoa hartu du Espainiako Entzutegi Nazionalak. Urtebeteko zigorra betearazi nahi diote Remirezi.

Bilbon bizi den Alfredo Remirezek Entzutegi Nazionalean aurkeztutako errekurtsoa atzera bota du epaitegiak. Abokatuak Aiaraldea hedabideari jakinarazi dionez, momentuz ez du jaso kartzelaratze agindurik. "Zelan eta non errekurritu aztertzen ari gara. Autoa irmoa da, helegiteak ez luke bertan behera utziko agindua. Hala ere, geratzen saiatuko gara, edozein unetan eman lezakete espetxeratze agindua".

2017ko otsailean epaitu zuten Remirez, sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita. Akordioa lortu zuen defentsak orduan: urte eta erdiko kartzela zigorra eta 14 urte eta sei hilabeteko inhabilitazioaren kondena dela medio ez zen izan kartzelaratua. "Txiolarien epaiketarekin atzera bota dute 2009ko auziaren suspentsioa, eta espetxe zigorra betetzea ebatzi du epaitegiak. Zigorra berez ez diote ezarri, 2009an ezarritakoaren suspentsioa atzera botatzea da egin dutena", adierazi du abokatuak. 

 

Babes mezu ugari

Sare sozialetan babes handia jasotzen ari da Alfredo Remirez @erreharria; besteak beste, Jabi Azurmendi Arakaldoko alkatearena, Katixa Agirre idazlearena edota Oihana Bartra bertsolariarena.