"Elkartasunagatik, eta gure etorkizun demokratikoa jokoan dagoelako", manifestazio deia egin du GEDk

uriola.eus 2017ko ira. 26a, 17:57
Argazkia: Gure Esku Dago

Gizarte osoari dei egin dio Gure Esku Dagok datorren larunbatean, irailak 30, Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna lelopean Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera. "Bereziki, erabakitzeko eskubidea etorkizuna eraikitzeko zutabea delako eta, aparteko une honetan, askatasun demokratikoen defentsak herritar guztion konpromisoa behar duelako".

Kataluniako gizartea bizitzen ari den egoera "guztiz larria da" Gure Esku Dagoko bozeramaile Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasen esanetan. "De facto salbuespen egoera ezarri dute Espainiako Gobernuak eta estamentu judizialek". Kataluniako autonomia "kolokan dago" Espainiako Gobernuak Generalitaten kontuak eta Mossoen kontrola bereganatzeko agindua eman ondoren. Horrez gain, eskubide zibil eta politikoak eta askatasun demokratikoak "urratzen" ari dira. Une hauetan, Oiarbide eta Nikolasen hitzetan, "demokrazia bera jokoan dago Katalunian". 

Kataluniako herritarren gehiengoak erreferendum baten bidez etorkizuna erabakitzeko borondatearen zilegitasuna aitortu eta begirunea adierazi dio Gure Esku Dagok Euskalduna jauregitik. Urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako gizartearen "gehiengoaren borondateari erantzuten dio". Bozkatu eta erabakitzeko borondate hori errespetatzea exijitu dute. 

Gaurko agerraldian Kataluniako herritarren borondatearen adierazpena oztopatu eta elkartasun ekimenak zapuztu nahi dituzten zigor-bideak arbuiatu dituzte, baita oinarrizko eskubideen eta askatasun demokratikoen murrizketak ere: "Auzi politiko bati errepresioarekin erantzun dio Espainiako Gobernuak. Bide horren aurrean, elkarrizketa politikoaren beharra aldarrikatzen dugu, urriaren 1era arte zein ondoren". 

Elkartasunaren unea

Gure Esku Dagoren arabera, Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari bide emateagatik auzi bidean dauden, atxilotuak izan diren, jazarpenik edo mehatxurik jaso duten hautetsi, kargu publiko, entitate eta herritarrei elkartasuna adierazteko unea da. "Euskal Herriko eta Kataluniako herrien arteko harremanak eta loturak estuak izan dira historian. Une honetan, herri katalanaren ondoan egotea beharrezkoa da, begirunez, hau da, herri bakoitzaren hautu, erabaki eta bideekiko errespetutik". 

Katalunian gertatzen ari dena, Kataluniaren muga geografikotik "harago" doa. Adierazi dutenez, "Estatuko herritar guztien eskubide zibil eta politikoak daude jokoan. Halaber, euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea ere jokoan dago. Horregatik, gu ere Som Catalunya, gu ere Katalunia gara. Elkartasunagatik, eta gure etorkizun demokratikoa jokoan dagoelako".  

"Horregatik guztiagatik, eta, bereziki, erabakitzeko eskubidea etorkizuna eraikitzeko zutabea delako eta, aparteko une honetan, askatasun demokratikoen defentsak herritar guztion konpromisoa behar duelako", gizarte osoari dei egin dio Gure Esku Dagok datorren larunbatean, irailak 30, kalera irten eta Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzera, Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna lelopean. 

Casilla plazatik abiatuko da larunbatean, hilak 30, 17:30ean manifestazioa, eta Udaletxerainoko ibilbidea egingo du.

Atxikimenduak

Manifestazioak agerraldira bertaratu diren EAJ, EH Bildu, Independentistak eta ANC-Euskal Herriaren atxikimendua du, eta datozen orduetan eragile gehiagoren atxikimendua ere izatea espero du. ELA eta LAB sindikatuek, esaterako, larunbatean Bilbon izango direla iragarri dute ohar baten bidez.