Udal eraikinetan komunak eta aldagelak aukeratu ahalko dituzte transexualek eta transgeneroek

uriola.eus 2017ko ira. 29a, 10:41

Argazkia: www.argia.eus

Neurriak hartuko ditu Bilboko Udalak aurrerantzean bere jabetzakoak diren instalakuntzetan pertsona transexualek eta transgeneroek bai komunak bai aldagelak hauta ditzaten.

Udalberri koalizioaren proposamena onartu du Bilboko Udalbatzak atzoko Osoko Bilkuran. Ondorioz, barrutietako udaltegietan, Azkuna Zentroan eta Bilbao Kirolak erakundeak kudeatzen dituen instalakuntzetan pertsona transexualek eta transgeneroek zein komun eta aldagela, emakumeenak edo gizonenak, erabili nahi dituzten aukeratu ahalko dute. Hori horrela izan dadin neurriak hartu beharko ditu Udal Gobernuak. 

Erabakia "sexu-nortasun eta genero-nortasun guztiak naturalizatzeko prozesuan aurrerapausoa" da Udalberriko ordezkarien esanetan. Gainera, bat egiten du 2016ko irailean Hezkuntza Sailak EAEko ikastetxeetan zabaldutako protokoloarekin.