Igandean herriak parairatu zuen indarkeria salatzeko eta erreferendumari babesa emateko greba orokorra antolatu dute gaur Katalunian. Deialdira, enpresa handi eta txikiez gain, langile klase guztiak batu dira, kirolariak barne. Bereziki aipatu behar da Bartzelona edo Espanyol bezalako futbol taldeak grebarekin ados azaldu direla eta beraiek ere egingo dutela argi eta garbi esan zuten atzo.
Horrek bere islada edukiko du gurean. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, eta Etxalde sindikatuak Euskal Herriko hiriburuetako udaletxetan elkarretaratzeak egingo dituzte goizeko 11:00etan. Horrez gain, lantokien aurrean, atsedenaldietan, kontzentrazioak egiteko deialdia zabaldu dute, nahiz eta greba ez egin, Kataluniako herri langileari babesa emateko.
Horrekin bat, Ernaik hezigunetan mobilizazioak antolatu ditu. Ikasleek ikastetxe eta institutuetan burrunbada egitea proposatu dute. Ordu berdinean izango litzateke, goizeko 11:00etan.
Arratsaldeko ekintzak
Arratsalderako beste ekintza batzuk antolatu dituzte Kataluniari babesa emateko. Alde batetik, Sare Antifaxista eta CNT Moyua plazan elkarretaratzera etortzeko gonbidapena luzatu zuen atzo. Gobernu Zentralaren azpiordezkaritzaren aurrean bilduko dira 19:00etan, Estatuaren errepresioa salatzeko eta Poliziek eta Guardia Zibilek erabili zuten indarkeriaren kontra adierazteko #Stoprepressió lelopean.
Horrez gain, lehen aipatutako gehiengo sindikala, Moyuan bertan egongo da ordu berdinean. Bi deialdiak bat egingo dute, lehenengo elkarretaratzea egiteko, eta gero manifestazioa burutzeko. Kataluniako herritarrak egin duten bezala, kaleratzeko deialdia zabaldu dute herria errepresioaren kontra dagoela argi geratzeko.
Bukatzeko, gaueko 22:00etan argi itzalketa eta lapikokada bat egitea proposatu dute. Igandean bapatean sortutakoa errepikatu nahi dute, baina kasu honetan jarraipen handiagoa espero da. Gauean etxeko argiak itzaltzea eta bai balkoitik edo lehiotik, bai auzoko kaleetatik lapikokada egingo dute. Honek dira auzoetako bilerak: