Okupazioa, autogestioa eta erresistentziaren aldeko mezua zabaltzeko manifestazioa

uriola.eus 2017ko urr. 10a, 16:21

Argazkia: Ecuador Etxea

"Diruzaleei hortzak erakutsi" eta "indarrak batu" nahi dituzte larunbatean Bilbon deitu duten manifestazioan okupazioa, autogestioa eta erresistentziaren aldeko hautua Euskal Herrian defendatzen duten lagunek.

Gazte Asanbladen Sarearen (GAS) arabera, Bilboko Udalak eta EAJ alderdiak espazio autogestionatuen kontrako "dinamika argi eta bortitza" izan dute azkenengo urteetan. Biei egotzi die sareak "herri erakusleiho eta turistikoaren estrategian, alternatiba kultural eta politikoak inolako leku gabe uztea". 

Gaurko prentsaurrean erasotzat jo dituzte gune autogestionatuetan alternatibak aurkitzen lan egiten duten eragileen kontrako "mehatxu zein ekintza onartezinak". Bi kidek zehaztu dutenez, une honetan "nagusitu diren" erasoak dira. Abidetzat jarri dituzte Errekaldeko Etxarri gaztetxearen eta Iralako Izarbeltz ateneoaren hustutzeak, eta "mehatxupean dauden" Deustuko Gazte Lokala eta Santutxuko Karmela. Gogoan izan dituzte baita Zornotzako Ziztada gune askea, Gasteizeko Errekaleor auzo askea eta Tosuko ortu okupatua ere.

GASeko kideen esanetan, "argia da EAJren estrategia politikoaren baitan dagoen gaztetxeen desalojoa, proiektu urbanistiko eta diruzaleak aurrera eramateko". Era berean, "gazte eta ez hain gazteen aisialdi antolatua kontrolatzeko" Udalaren jarrera gaitzetsi dute, "Bilbon hutsik dauden mila etxebizitzak alde batera utziz". Agerraldian, Bilboko alkate Aburto, Gasteizeko Urtaran, Donostiako Goia eta "abar luze bat" parekatu dituzte, eta Euskal Herria "zein beste herrialde batzuk kolpatzen ari direla" salatu dute: "Estrategia neoliberal horretan, gaztetxeak zein gune aske eta autogestionatuek ez dute lekurik".  

Indartuta

"Indartsu" agertu dira Gazte Asanbladen Sareko kideak. "Hiri kapitalista honi aurre egiteko" grina dute. Diotenez, Udalaren "mehatxuek" batean eta bestean emaniko pausoak indartu dituzte, "amorruz erantzutera" eramateraino. Botatako espazioak berreraikitzen jarraituko dute, autogestioaren "ideia tinko eta argiarekin", pentsatzen baitute "bizitzeko era desberdin bat eraikitzeko" bitartekoa dela: "Guk ez dugu haien errealitatea onartuko. Gizarte eredu honen aurrean alternatiben garrantzia ezinbestekoa da, hauek izango baitira herri borroka eta eremu erreferenteak, inguruko espazioak kritikotasunez transformatzeko aukera, EAJren estrategia krudel eta kapitalistari aurre egiteko erraminta, eta era kolektiboan, gure ideia, kezka, edota salaketei erantzun erreala bilatzeko nahitaezko tresna".

Manifestazioa

Euskal Herri osoari luzatu diete deia Bilboko Gazte Asanbladen Saretik larunbateko, urriak 14, manifestazioan parte hartzeko "okupazioa, autogestioa eta erresistentziaren alde". Indarrak batu nahi dituzte "diruzaleei hortzak erakusteko" eta "gure etxea defendatzen jarraitzeko". 

[2017-10-05] Okupazio mugimenduaren aldeko manifestazio nazionala