Txikiteroen Artean elkarteak egun osoko egitaraua prest du gaurko. Elkarteko kideek iragarri dutenez, goizetik gauera, "txistularien kalejirak eta bilbainaden errondak han-hemenka egongo dira" Zazpikaletan, Bilbo Zaharrean eta San Frantzisko auzoan.
Kalejira goiztiarrena, "txakolineroa" izendatu dutena, 11:00etan abiatuko da Zamudiko Atetik La Bolsa eraikinera. Ondoren, Done Jakue plazatxoan, katedralaren aurrean, Edalontziaren dantza dantzatuko dute.
Eguerdian eskaintza bikoitza egingo dute, La Bolsa eraikinean dagoen Begoñako 'amatxuren' irudiari lore eskaintza, batetik, eta Bizkaiko lehen txakolinaren eskaintza, bestetik. Bertaratzen direnek Bizkaiko Gozotegi Gremioak beren-beregi gaurko egunerako prestatutako Begoñako Opila dastatzeko aukera izango dute. Baita Athletic Peñak eskainiko duen luntxeko jakiak ere. Leku berean, 20:00etan, Txikiteroen salbea kantatuko dute.
Gaurko egunean txapela janzteko proposamena luzatu die herritarrei Txikiteroen Artean elkarteak.
Erromeria
Urtero legez, usadio zaharrari eutsiz, hainbat herritar elkartuko dira 19:00ean Arriaga plazan. Alde Zaharreko kaleetan ibili ostean, Unamuno plazatik Mallonako eskaileretan gora igoko dira erromerian, txistularien konpainian, Begoñako basilikaraino. 21:00etan emango den azken meza entzutea izango dute batzuk helburu.