Kataluniako herriari babesa emateko elkarretaratzeak

uriola.eus 2017ko urr. 17a, 09:56

Deialdiaren kartela

Gure Esku Dago plataformak elkarretaratzeak egingo ditu Euskal Herriko plazetan kartzelatuak izan diren Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart eta Kataluniako herriari babesa adierazteko.

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, ANC eta Omniumeko lehendakariak, atzo kartzelaratu zituzten sedizio zigorra egotzita. Hori salatzeko, eta Kataluniako herriari babesa emateko, Gure Esku Dago plataformak elkarretaratzeak egingo ditu Euskal Herriko plazetan.

Bilbon, elkarretaratzea, hainbat elkarteekin bateratua izango da, eta Arriagako plazan bilduko dira, arratsaldeko 19:00etan. Gure Esku Dagok Euskal Herriko herritarrei deia zabaldu die kalera ateratzeko ordua dela adieraziz, eta bi preso politikoen askatasuna eskatuko dute. Elkarretaratze guztiak, herriz herri, arratsaldeko 19:00etan izango dira.

 

LLibertad Jordis

 

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Kataluniaren independentziaren aldeko erakundeen lehendakariak dira. Sanchez Assemblea Nacional Catalana (ANC) plataformako lehendakaria da, Jordi Cuixart, berriz, Omnium Culturalekoa. Bi herri plataformek katalunian independentziaren alde bozkatzeko lanean egon dira azken urteetan.

Irailaren 20an gertatutakoaren ondorioz Jordi Sanchez, Jordi Cuixart eta Josep Lluis Trapero, Mosso d’Esquadrako maiorra, epaituak izan dira. Josep Lluis libre geratu da, beste biak, ordea, gertatutakoaren arduradun zuzenak direla adierazi du epaileak bere autoan. Epaiketaren emaitza ikusitakoan sare sozialak bi Jordientzako babes mezuez bete ziren gaurko elkarretaratzetan eskatuko den Llibertad Jordis traolarekin.