"Topaketarako eta lankidetzarako espazio" bilakatzea da atzo eratu zen Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen lehentasunezko helburua. Hori guztia "terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei dagokienez egindako udal-politika publikoak jorratze aldera, betiere errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak nahiz jarduketak adostu eta horietan lan egiteko xedearekin".
Enpatia, elkartasuna, erantzukizuna, eta aniztasunarekiko konpromisoa, tolerantzia nahiz errespetua balioak oinarri hartuta, Bilboko Topaguneak honako konpromiso hauek ere hartu ditu Dori Monasteriok lantaldeko eledun gisa azaldu duenez: "Biktimak onartzea, elkarrizketa ahalbidetzea (bai biktimekin, bai euren artekoa) adostasun politiko nahiz sozial handia lortze aldera, eta erakunde publikoekin aritzea elkarlanean, terrorismoaren nahiz indarkeriaren biktima guztiak onartu eta babesten dituen lege-esparrua burutzen jarraitzeko".
Kideak
20 pertsonak osatzen dute topagunea. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Alkatetzako ordezkari Gotzone Sagarduik eta Aitor Bilbaok, eta Bilboko Udalbatzan ordezkaritza duten talde politikoen beste 6 ordezkarik Nekane Alonsok (EAJ); Ines Ibañez de Maeztuk (PSE-EE); Aitziber Ibaibarriagak (EH Bildu); Luis Eguiluzek (PP); Carmen Muñozek (Udalberri) eta Samir Lahdouk (Goazen Bilbao). Luis Eguiluz popularrak lantaldea utzi du, aurrera egiteko "gutxieneko baldintza gisa" ETAren terrorismoaren gaitzespena eskatu eta kide guztien erantzuna jaso ez zuenean.
Udal ordezkariekin batera biktimak eta lau aditu egongo dira taldean. Biktimei dagokienez, hauexek dira parte hartuko dutenak: Dori Monasterio, Manu Cabacas, Fina Liceranzu, Jose Goikoetxea, Mari Jose Agirre, Ines Nuñez de La Parte, Javier Batarrita, Edurne Brouard, Abel Uceda, Leonor Regaño, Belen Mentxaka eta Conchi Fernandez.
Era berean, bakea eta bizikidetzaren alde egindako lanagatik ezagunak diren lau pertsona hauek ere taldekide izango dira: Maitane Etxebarria; Ramon Mugica; Angel Maria Unzueta eta Isabel Urquijo.
Josune Ariztondok jardungo du lantaldeko idazkari gisa.
Topaguneko kideek atzokoan adostu zuten urtean ohiko bi bilera egitea, eta ezohiko bilerak egitea topaguneko lehendakaritzak, edo gutxienez kideen herenak, beharrezkotzat jotzen badu.