Hamaika aktore arduratuko dira Arriaga Antzokiaren eta Calixto Bieitoren ekoizpena gorpuzteaz gaur, lehenengoz, publiko aurrean. Horietako bat da Eneko Sagardoy. Uste zuenaren kontra, "gune askea" aurkitu du Arriaga "mamotretoan". "Zurruna eta zaila" dirudien antzokian. Norekin eta nazioartean itzal handia duen zuzendariarekin. Bieitorekin "jolasten" aritu da joan den abuztuan entseguak hasi zituztenetik. "Asko" ikasteko hilabeteak izan dira Sagardoyrentzat, batik bat, "ibilbide luzea duten lankideengandik ikasteko aukera" baliatu du. Eta emaitzak, gaurtik aurrera, "publikoa harrituko duela", dio.
Ylenia Baglietto aktoreak estreinaldiaren aurrean sentitzen duen "ardura handia" ez du ezkutatzen. Obabakoak liburu ezagunaren antzerkirako moldaketak "beldur apur bat" eragiten dio. Baina atzean duen "super taldeak" lasaitzen du.
Karmele Larrinaga bilbotarra da hamaikakoan aktore beteranoetako bat. "Oso pozik dago" Obabakoak antzezlaneko partaide izateagatik. Liburuko eta antzezlaneko pasarteetako bati keinu eginez, "bizikletarekin patiora ez erortzea" izango da bere erronka nagusia.
Bieitoren lana
1988an Atxagak argitaratutako liburuaren 488 orrialdeetatik Bieitok "zati batzuk" hautatu ditu "zori, sen eta maitasunari jarriki". Eta zatietako bat Ylenia Baglietok proposatuta. Zirriborro handi bat esku artean zuenean, mozteari ekin zion eta ondoren edukia Europa erdialdean oso indartsua den tradizio bisualarekin osatzeari. Ikuskizuna, zuzendariaren arabera, "hamaika ahotseko olerki bisual-sinfoniko bat da. Ez du Bernardorena ez den hitzik".
Atxaga ikusle
Ez du kezkarik Bernardo Atxagak bere eleberri ezagunena egokitzeko Calixto Bieitok egin duen lanarekin. Pozarren dagoela aitortu du. Gainera, nahiago du antzezlanaren inguruan tarteka iristen zaizkion berriak ez entzutea. Gaur Arriaga Antzokira "etorri nahi dut gainerakoak bezala", esan du. Konfidantza osoa du Bieitorengan "oso antzekoak" direlako, bien artean "batasun espirituala" sortu delako Obaban zehar egin dituzten prestaketa bidaietan.
Euskaraz Arriagan, Euskal Herrian, Bartzelonan eta Europan zehar
Arriaga Antzokian gaurtik urriaren 21era antzeztuko dute Obabakoak-en euskarazko bertsioa. Bilbon estreinatu eta hurrengo astean, urriaren 25etik 29ra, lana Bartzelonara helduko da, Teatre Lliure antzokira. Bertan euskarazko bost emanaldi eskainiko dira, katalanezko azpi-tituluekin. Azaroan, lanak bira egingo du Donostia, Santurtzi eta Gasteiz bisitatuz. Gaztelaniazko bertsioa Arriagan estreinatuko dute azaroaren 23an. Ondoren zer? Calixto Bieitok, aurkezpenean adierazi zuenez, "Erdialdeko Europan euskaraz biratzea espero dugu". Izan ere, bai Atxaga bai Obabakoak "oso ezagunak dira" Bieitok gertutik ezagutzen dituen Erdialdeko Europan eta eremu anglosaxoian, eta lanak interesa piztuko duela ziur dago.
Hurbilketa Obabakoak lanera
Antzezlana eszenaratzeaz baliatuz, urriaren 19an, 20an eta 21ean, emanaldiak baino ordu erdi lehenago (19:30etik aurrera), Obabakoak lanari eta Bernardo Atxaga egileari buruzko hitzaldia eskainiko da, Zenbat Gara Elkarteak antolatutakoa eta emandakoa Arriaga Antzokiko foyerrean izango da, eta 20 minutu inguru iraungo du, agertokian ikusi ahal izango denaren aurrerapen gisa.
Atxagaren eta Bieitoren hitzaldia
Azaroaren 17an, Obabakoak antzezlanaren gaztelaniazko estreinaldia baino egun gutxi lehenago, Bernardo Atxagak eta Calixto Bieitok hitzaldia eskainiko dute BBK aretoan. Hitzaldi horretan, Obabakoak lanaren inguruan hitz egingo dute entzuleen aurrean, 20:00etatik aurrera.
[2017-10-10] Hamaika ahotseko olerki bisual sinfonikoa