Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du ez dela lehenengo aldia garbiketa zerbitzuek mota desberdinetako hondakinak nahasten dituztela. 2015eko Aste Nagusian ere gertatu zen, jai gunean. Ibaibarriagaren esanetan, "arduragabekeria itzela da, gertaera benetan larria, eta herritarrekiko eta bereziki konpartsekiko begirune ezaren erakusgarria, zeintzuei birziklatzeko promesarekin hondakinak bereizteko eskatzen zaien. 2015ean hutsa errotik konpontzeko Obra eta Zerbitzu zinegotziak agerturiko prestasuna ezerezean geratu dela garbi dago. Beste behin ere, agerian geratu da EAJk, eta haren bazkide PSEk hondakinak birziklatzeko borondaterik ez dutela".
Horrenbestez, Rikardo Barkala egungo Obra eta Zerbitzu zinegotziaren presazko agerraldia exijitu du EH Bilduko zinegotziak "tankera honetako arduragabekeria bat" zer dela eta errepikatu den jakiteko, horrelakorik berriro ez gertatzeko, "neurriak hartzen ari zirela azpimarratu zutenean".
Bilboko birziklatze tasa "txikia" gogora ekarri du Ibaibarriagak; %29,86koa. Hala, Aburtori exijitu dio "iruzurra amaitzeko neurriak har ditzala", eta "gutxienez %60 birziklatzeko politikak" abiaraz ditzala.