Euskal eragileak 155. artikuluaren ezarpenaren kontra manifestatuko dira

uriola.eus 2017ko urr. 31a, 09:35

Deialdiaren prentsaurrekoa

ELA, LAB, EH-Bildu
, Gure Esku Dago
, Etxalde, STEILAS, EHNE, CNT, ESK eta Hiruk manifestazioa deitu dute datorren azaroaren 4rako "155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea" lemapean.

Katalunian aplikatu den Konstituzioaren 155. artikuluaren kontra manifestatuko dira lehen aipatutako erakunde, sindikatu eta alderdi politikoak. Beraien ustez, auziaren edozein konponbiderako oinarria da eskubide zibil eta politikoak errespetatzea, demokrazian sakontzea eta erabakitzeko eskubidea aintzat hartzea. 

Horregatik, deialdi bateratua prestatu dute azaroaren 4an, Bilbon. Manifestazioa arratsaldeko bostetan hasiko da La Casillan honako aldarriarekin: “155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea”.

Horrez gain, prestsaurrekoan esan dutenez “arbuiatu egiten ditugu 155. artikuluaren aplikazioa eta Katalunian gertatzen ari diren espetxeratzeak nahiz gertakari errepresiboak. Beraz, inongo zilegitasunik ez duen Kataluniako Gobernuaren kargugabetzea salatzen dugu, eta ez dugu ontzat ematen Espainiako Gobernuak eskumenak bereganatu izana".

Gainera, aipatu dutenez, ezin dute onartu Kataluniako herritarren subiranotasun demokratikoaren erakundea den Parlamenta deusezteko erabakia, Mariano Rajoik aginduta. Hori dela eta, erakunde eta eragile sozialak, sindikatuak eta alderdiak animatu nahi dituzte datozen egunetan mobilizazio honekin bat egitera.

Herri kontsultak

Gure Esku Dago plataformak herri kontsultekin jarraituko du, herriari ahotsa emanez. Igande honetan Bizkaiko hainbat herritan egingo dira, guztira 12 udalerritan, Erandio, Getxo eta Leioa aipagarrienak izanik. “Gure etorkizun politikoa erabakitzea gure eskubidea da” aldarrikatu dute, eta herriak erabaki behar duela adierazi dute.

Azaroaren 5ean Gure Esku Dago plataformak herri hauetan egingo ditu galdeketak: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandio.