Abenduaren 9an, "denak Pariserat" joateko deia egin dute

uriola.eus 2017ko urr. 31a, 12:12

Prentsaurrekoa, gaur, Plaza Barrian

Bake prozesua indartzeko martxan dagoen Foro Sozialak Denak Pariserat ekimena aurkeztu du gaur eguerdian Bilboko Plaza Barrian. Bertan, gizarte zibileko hainbat ordezkarik Orain presoak lelopean euskal herritarrak mobilizatzera deitu dituzte.

Ines Osinagak gaurko aurkezpenean esan duenez “abenduaren 9koa ez da beste manifestazio bat izango, Parisen espetxe politika aldarazi dezakeena baizik”. Izan ere, bere esanetan, “guztiz garrantzitsua den ekinbidea da, babestu beharrekoa”.

Osinagaren ostean, Txiki Muñozek hartu du hitza. ELAko idazkari nagusiak Bakearen Artisauen lana txalotu eta eskertu du, “lanean jarritzeagatik”. Horrezaz gain, Parisek har ditzakeen erabakiak Madrilen ere eragina izango dutela aitortu du Txikik.

Foro Soziala eta beste hainbat euskal eragile Denak Pariserat ekimena prestatzen ari dira. Abenduaren 9an, Parisen, presoen eskubideak aldarrikatzeko eta Frantzian bizi duten egoera salatzeko manifestazioa egingo dute. 

Ekimen berezi hau aurrera eramateko eta bultzada on bat emateko, hainbat ekitaldi eta batzar prestatu dira. Horietako bat ostegun honetan izango da Santutxuko Karmelan. Han, abenduaren 9a egutegian markatzeko auzo asanblada irekia egongo da. Arratsaldeko 19:00etan hasiko dira eta guztien ekarpenak ongi etorriak izango dira.

 

Bakegileen Gutuna

Ekimena aurrera eramateko Bakegileen laguntza daukate, eta Foro Sozialarekin bat egiten dute. Bakegileek, gutun batean, PSP (Partikularki Seinalaturiko Presoa) estatusaren aplikazioaren amaiera eskatu dute. Horrez gain, presoen hurbilketa eta elkarretaratzea ere exijitu dute.

Era berean, preso gaixoen egoera salatzeko baliatu dute agerraldia. Beraien baldintzapeko askatasuna aldarrikatu dute eta kartzelan gaixo larri dagoen orok etxera bueltatzeko eskubidea dutela adierazi dute. Aipatutako neurri horiek bakearekin bat datozela esan dute, eta konponbidearen baitan kokatzen direla.

Helburua “posibletzat jo dute”, baina horretarako mobilizazioa ahalik eta masiboena izan behar da: “Gizarte zibilak mobilizazioaren motore izan behar du, eta bere determinazioa erabakigarria izango da”. Amaieran, berriz ere, Parisera joateko deia egin dute.

 

Parisera bidaia

Bilbotik Parisera joateko bi aukera eskaini dituzte, trena eta autobusa. Ekitaldiko antolatzaileek, ahal den neurrian autobusa hartzea eskatu dute. Horrela, zailtasun gehiago duten pertsonek trena hartu dezakete, bertako eseri lekuak mugatuak direlako. Horregatik jendea autobusean joateko proposamena zabaldu dute.

Trena Hendaiatik irtengo litzateke, eta bertara Bilbotik busez joango lirateke. Txartela 115 euroko prezioa izango du eta ordainketa txartela jasotakoan egin daiteke. Hori bai, trenes joateko apuntatzeko epea egunean bukatzen da.

Autobusa, bestalde, merkeagoa da. 65 eurotan egongo da joan eta etorria eta apuntatzeko azken eguna abenduaren hirua izango da. Apuntatzeko, Santutxuko Herriko tabernan zien saresantutxu@gmail.com helbidean egin daiteke.