Kataluniako Gobernuari eta Herriari babesa emateko ekintzak

uriola.eus 2017ko aza. 3a, 09:31
Arriagan egindako azken manifestazioaren argazkia

Asteburuan Kataluniako Gobernuaren askatasunaren aldeko eta konstituzioaren 155. artikulua martxan jartzearen kontrako ekintzak egingo dituzte Bilbon.

Lehenengo ekintza gaur bertan burutuko da, eta Arriagan gaueko 20:00etan bilduko dira. Kataluniako Gobernua atzo espetxe zigorra jaso ostean deialdia zabaldu zuten.

Bertan, arlo desberdineko jendea biltzera deituta dago herri-eserialdi bat egiteko. Bukatzean, asanblada irekia egingo dute eta, guztien artean, demokraziaren defentsa aldarrikatzeko zein herri-dinamika izan daitekeen onena aztertuko dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzera demokraziaren defentsan lan egin nahi duen edonor dago gonbidatua.

Larunbatean, berriz, bigarren ekintza egingo da. Kasu honetan, aspalditik dago iragarrita eta ELA, LAB, EH-Bildu
, Gure Esku Dago
, Etxalde, STEILAS, EHNE, CNT, ESK eta Hiruk hartuko dute parte manifestazioan "155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea" lemapean. 

Katalunian aplikatu den Konstituzioaren 155. artikuluaren kontra manifestatuko dira lehen aipatutako erakunde, sindikatu eta alderdi politikoak deialdi bateratuan. Beraien ustez, auziaren edozein konponbiderako oinarria da eskubide zibil eta politikoak errespetatzea, demokrazian sakontzea eta erabakitzeko eskubidea aintzat hartzea. 

Azkenik, igandean Gure Esku Dago plataformak herri kontsultekin jarraituko du, Katalunian egin zuten bezala, herriari ahotsa emanez. Igande honetan Bizkaiko hainbat herritan egingo dira, guztira 11 udalerritan: Areatza, Atxondo, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandio.

 

Argazkia: Ecuador Etxea

[2017-10-31] Euskal eragileak 155. artikuluaren ezarpenaren kontra manifestatuko dira