Giza-katea preso gaixoen eskubideen alde

uriola.eus 2017ko aza. 8a, 10:27

deialdiaren kartela

Larriki gaixorik dauden presoei babesa emateko eta beraien eskubideak aldarrikatzeko barikuan manifestazioa egingo dute Santutxun. Larunbatean, berriz, giza-katea egongo da Basauriko kartzelatik osasun zentroraino.

Gaur egun, 14 preso dira guztira kartzeletan larriki gaixo daudenak, Mikel Arrieta oreretarra zerrenda honetara batu ostean. Azken aldian, luzatzen eta larriagotzen den zerrenda da, eta preso hauei babesa emateko eta beraien askatasuna aldarrikatzeko hainbat ekimen egin eta prestatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak zein diputazio guztiek gehiengo osoz, eta baita herritarron gehiengoak ere, larriki gaixo diren presoak espetxetik kanpo egon behar dutela adierazi duten arren, beraien egoera ez da batere aldatu.

Beraz, hori salatzeko asteburu honetarako ekintzak prestatu dituzte. Lehenengoa larunbatean izango da, Santutxun. Auzoan manifestazioa egingo dute, gaueko 20:00etan eta Egunkaria plazatik iretengo dira.

Bigarren ekintza, berriz, larunbatean egingo dute. Kasu honetan, Basauriko kartzela eta osasun zentroa giza-kate batekin lotuko dute. Ekimena aurrera eramateko jendea hurbiltzeko deialdia zabaldu dute.

Antolatzaileen esanetan, presoen eskubidea delako eta legediak berak ere hala agintzen duelako, eskubide hori lortzeko protestak etengabe egingo dituzte eta ekimen hauek aurrera eramateko laguntza behar dutela adierazi dute. Guztira, mila lagun beharko dituzte ekimena aurrera eramateko eta eguerdiko 12:00etan kartzelaren aurrean bilduko dira.