Europako 2018ko Hiririk Onenaren Saria jaso du Bilbok

uriola.eus 2017ko aza. 9a, 09:43
Argazkia: Bilboko Udala

Hainbat arlo aztertu eta gero, The Academy of Urbanism erakundeak, Ljubljana (Eslovenia) eta Vienarekin (Austria) lehian zegoen Bilbo hiria saritu du Europako 2018ko Hiririk Onenaren izendapenarekin. Aburto alkateak atzo Londresen jaso zuen saria. Alkatearen hitzetan, hiriak izan duen eraldaketa ez ezik "bihar-etzirako prestatzen ari den hiria izateagatik" ere jaso du aitortza.

Joan den irailean etorri zen Bilbora The Academy of Urbanism irabazi asmorik gabeko erakundearen ordezkaritza bat. Bertatik bertara ezagutu zituzten hiriko azpiegiturak, hiri-zerbitzuak, mapa politikoa, kultura, bizimoduaren kalitatea eta ongizatea, jasangarritasuna, ingurumena, konektibitatea edota merkataritza eta bideragarritasuna. Horiek izan dituzte kontutan Bilbo hiriari Europako 2018ko Hiririk Onenaren Saria ematerako orduan. 

Saria atzo jaso zuen Jaun Maria Aburto alkateak Londresen, The urbanism Awards 2018 ekitaldiaren baitan. Pozarren zegoen alkatea. "Zorionekoak gara", zioen. Bere esanetan, sariak Bilbok izan izan duen eraldaketa handia aitortzen du, eta baita "bihar-etzirako prestatzen ari den hiria izatea" ere. "Gazteentzako etorkizuna duen hiria, AHTrekin, Zorrotzaurre aukerarako espazio moduan, itsasadarra ardatz eragile izanik eta balio sendoetan oinarritutako Bilbo, unibertsitateen, museoen eta negozioen hiri moduan eratzen ari dena".

 

Londresen lanean

Bidaia honetan, Aburto alkateak Asier Abaunza Hiri Plangintzarako zinegotzia du ondoan. Londreseko bisitaldia aprobetxatuko dute "misio komertziala eta enpresariala" betetzeko Erresuma Batuko hiriburuan. "Garrantzizko zenbait bilera eta topaketa" izango dituzte Bilbo hiria sustatzeko asmoz. Joan den asteartean World Travel Market turismo-azokan izan baziren, gaur Tech City UK enpresa teknologiko digitalak eta sortzaileak biltzen dituen barruti teknologikoan izango dira, 'Erresuma Batuko Silicon Valley' bezala ezagutzen den gunean. 

 

www.academyofurbanism.org.uk