Argi eta loria gaua

Danel Abando 2017ko aza. 13a, 09:29

Argazkiak: Danel Abando/Jon Altuna‏

Bizkaiak badu Espainiako txapeldun berri bat. Joan den larunbat gauean, Kerman Lejarraga, Morgako errebolberra, 11.000 ikusleren aurrean gailendu zen. Arrakasta bikoitza izan zen. 

Gimnasio bereko lagun duen Andoni Machito Gagoren bidea jarraiki, Morgako boxeolariak welter pisuan (66'678 kg) Estatu mailako gerrikoa eskuratu zuen gau historiko batean, Bilbao Arenara bertaratu zirenak hats gabe utziz. Txapeldun berriarekin bat egin zuen hiri osoak.

Boxeoa Bizkaira itzuli da, geratzeko bueltatu ere. Aspaldian zezen plazak edota Club Deportivo Bilbaok egin bezala, larunbatean Bilbao Arenak dar-dar egin zuen kirol zintzo eta zaharrenetarikoarekin. Bilbo, boxeoaren hiriburu izan zen, beste behin.  

Odola, izerdia eta negarra. Gerrako hiru hitz horiek ezin aproposagoak dira inork ahaztuko ez duen gaubela laburbiltzeko. Amaierara arte luzatu zen borrokaldi gogorra izan zen. Bere kolpe indartsu eta bete-beteekin aurkariak gainditzera ohituta dagoen Kermani, azkenean puntuek eman zioten garaipena. Izan ere, ez dago Morgakoaren ezker zuzen latzari ihes egingo dion helbururik. 2013an profesionaletan debutatu zuenetik jomugan izan duen aurkari eta titulu oro menperatzeko gai izan da. 

Publikoa bere alde izan zuen lehen kanpaikadatik, bero-bero. Boxeolaria, jokatzen duen guztia irabazi ez ezik, ez da garaipenarekin konformatzen, gorputz eta arima ematen du bere publiko fidelaren gozamenerako. Azken emaitza: denon garaipena. 

20:00etan hasi zen ekitaldia goizaldeko 02:00ak baino apur bat lehenago amaitu zen. Bi gertakari, txanpon beraren aurpegiak, nabarmentzekoak dira kirol eta gizatiar aldetik. Boxeoa zer den ez dakien norbaiti kirol honen berri eman beharko banio bi gertakari horiek baliatuko nituzke arte zintzo hau zer den eta zer ez den adierazteko. 

Lehenengoa, Javier Garcia Roche El Rey Chatarrero-k bere etsaiari nahita eman zion burukada. Publikoak burukada gaitzetsi zuen, bere beroaldiengatik –kirolarekin zerikusia ez dutenak– ezaguna den boxeolariari txistu eta oihu eginez. 

Bigarrena, berriz, Aratz Garmendia borrokalariak erakutsitako gizatasun eta kiroltasun handia. Belaunkada batekin aurkaria nokeatu ostean, garaipena ospatzeari uko egin zion, extasi egoeran zeuden bere jarraitzaileei isiltasuna eskatuz, lona gainean konorte gabe zegoen aurkariarekiko errespetuz. 

Zenbaitetan, prentsa txarragatik, eta bestetan erabaki txarrengatik, ematen duen pauso bakoitza neurtzera behartuta dagoen kirolaren bi ikasgai dira.  

Gau borobila izan zen. Bartzelona argitu zuen aldarrikapena eta herrialde oso baten kontzientzia ere presente izan zen Bilbao Arenan. Publikoaren gehiengoak Espaniako ereserkiari txistu egin zion ozen. 

Zorionak Kerman, zorionak Bilbo, zorionak Boxeoari eta bihotzez eskerrik asko URIOLA-ri berriro ere gure kirolari ahotsa emateagatik.