“Azkenean, bukatu da”, pentsatu zuen Isa Peralesek. Pozarren, hunkituta zegoen Txurdinagabarri erresidentziako zaindaria. Lan Harremanen Kontseiluak Bilbo erdigunean duen egoitzatik erresidentzietako langileen ordezkariak besoak goian, eskutan 2020ra arteko lan hitzarmena sinatuta zutela atera zirenean, “benetan gertatzen ari da”, pasa zen Isaren burutik. Urriaren 27a zen, Bizkaiko erresidentzietako langile grebalarientzat bi urte luzetan jantzitako ‘Erresidentziak borrokan. Prekaritateari stop’ dioen kamiseta berdea eransteko eguna. Hamaika kamiseta aireratu zituzten lan gatazka gogorraren amaiera irudikatzeko. “Lur jota, baina harro” zeuden. Jan-edanean eta dantzan ospatu zuten Lares eta Elbe patronalekin adostutako aurreakordioa, Gesca patronal nagusiarekin irailean egin ostean.
Isak badaki hitzartutakoa ez dela denen gustukoa. “Ez dela hainbesterako” uste dutela zenbait langile eta sindikatuk. Berak, aldiz, 2020ra arteko indarra izango duen Bizkaiko adinekoen erresidentzietako probintzia mailako hitzarmenak langileen eskakizunen %95 jasotzen dituela defendatzen du. Izan ere, negoziazioa “gogorra” izan da, eta mahai gainetik edukiak “ipini eta kendu” dituzte. Kritiken gainetik, lortutakoaren balioa azpimarratzen du berak. Batik bat, duela urte batzuk hilean hiru euroko igoera baino ez zietelako eskaintzen. Sinatutako akordioak hilean 40 euroko igoera jasotzen du 2017ko azken lau hiletan eta 2018an, 45 eurokoa 2019an, eta 55 eurokoa 2020an. Helburua: “Hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata izatea bi urteren buruan”. Asteburuko eta gaueko gehigarrietan ere igoera lortu dute eta, lan istripu edota lan gaixotasunen bat izanez gero, soldataren %100 jasoko dute.
Igoera soldatetan eta murrizketa lanorduetan. Asteko lanorduak progresiboki murriztuko baitituzte. Urteko 1.698 lanordu izatetik, 2022an urteko 1.517 lanordu izatera pasako dira. Batetik, asteko 35 orduko lanaldia lortuko dute, eta bestetik otarte-atsedenaldia onartu zaie langile guztiei, “benetan lan egindako denbora gisa”. Lanaldi-murrizketa horren ondorioz, “langile gehiago izango dira zentroetan, erabiltzaileentzako arretaren onerako”.
Langile batzuk haserre daude. Akordioak ez duelako atzeraeraginik –“irailetik atzerakoa galduta dago”–, eta barnebiltzen dituen neurritako asko era mailakatuan ezarriko direlako hurrengo urteetan. Emaitzak lehenago espero zituzten. Baina, Isaren hitzetan, “zentzugabea da pentsatzea 180 orduen murrizketa unean bertan ezarriko digutela”. Negoziatzaileek zeukaten muga ere aitortzen du. Ezin zuten negoziaketa gehiago luzatu ezin zutelako beste urtebete greban jarraitu.
Geldiro-geldiro galdutako normaltasunera itzuliko dira erresidentzietako beharginak. Txurdinagabarrin, badira “ezer ez diotenak eta egindako lana eskertu diguten lankideak”. Ezkorrek ez dute kontutan izan egungo egoera. “Enpresa pribatuetan sinatzen diren lan hitzarmen gehienetan lan baldintzak behetik sinatzen dira, izozten dira edota gutxieneko igoerak dituztela sinatzen dira”.
Zailtasunen gainetik
Hainbat zailtasun izan dituzte. “Harri eta harritzarrak” gainditu behar izan dituzte bidean. Lehenik, ELA sindikatuak bakarka gidatu duen gatazka izan da, beste sindikatuetako kide batzuren babesa ere izan duten arren. “Eskertzekoa”, Isaren esanetan. Bigarrenik, hiru patronalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren “xantaia” eta akordioa hitzartzeko “borondate falta” salatu dituzte, larritzat joz batik bat Aldundiaren jarrera, “Bizkaiko zahar-etxeetako oheen %70 diruz babesten dituenean”. Eta hirugarrenik, lanuzteetan Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak –%75ekoak hasieran %90era artekoak amaieran– “gehiegizkoak” izan dira, “langileen greba eskubidea urratzeraino”.
Prozesu luze honetan handituz joan da tentsioa eta presioa. Gogortuz aldeen diskurtsoak eta jarrerak. “Gure adinekoen duintasuna edozein greba eskubideren gainetik dago”, zioen Unai Rementeria ahaldun nagusiak 2016ko irailean. Lanuzteetan erresidentzietako adinekoen elikadura, garbiketa eta botika banaketa %100ean ez zela bermatu eman zuen aditzera, eta “horrekin ezin dela jolastu”, gaineratu zuen. Rementeriaren hitzok asko mindu zituen greban ari ziren langileak. Baina langileek ondotxo dakite ez dutela torloju edota liburuekin lan egiten, “zerbitzu egokia merezi eta jaso behar duten pertsonekin baizik”. Euren esanetan, grebak iraun duen bitartean zerbitzua “egun batzutan atzeratu bada ere, inoiz ez da eman gabe geratu”.
Behetik gorako bidea
Lanuezteei ekin eta lehen urtean ez zuten hiru patronalen erantzunik jaso. “Egun askoren buruan” hasi ziren negoziazioak patronal nagusi den Gescarekin lehenik. Sesio “gogorrak” izan direla ondo dakite partaideek. Besteak beste, “senarraren soldataren osagarritzat” jo zuen patronaleko ordezkari batek erresidentzietako beharginen jarduna. Aipamen horrek langileak sutu zituen. Gehien bat emakumeak diren langileek erresidentzietan egiten dituzten zainketa lanak oraindik gizartean aintzat hartzen ez diren adierazle. Gizartearentzat “ikusezinak” diren seinale. Horregatik izan dituzte, besteak beste, 1988tik eguneratu gabeko kontratuak. Eta horregatik adierazi dute sarritan langileek eurena “lan gatazka ez ezik genero gatazka ere” badela: “Emakumeon greba izan da, eta apalkerietan ibili barik, zinez uste dugu mugimendu sindikalaren historian orrialde bat idatzi dugula. Hau ez da lan gatazka hutsa izan; borroka sozial eta feminista bat ere izan da, zaintza lanak duintzeko bidean aurrera egin baitugu”.
Kostata egin dute aurrera. Batik bat, mahai gainean negoziatzeko zituzten puntu guztiei eusteko zailtasuna izan dute langileen ordezkariek. Esaterako, patronalek negoziaketetatik kanpo utzi nahi izan dituzte erresidentzia txikiak eta etxebizitza komunitarioak. Horietan lan baldintzak “zailak” dira ELA sindikatuaren arabera, neurri handi batean, bizpahiru langile nagusi baten esanetan aritzen direlako lanean, eta lan baldintzak hobetzeko protesta gaitasuna murritza delako, lana galtzeko aukerak, berriz, handiak. Bada, azkenean, ekinez, lortu dute erresidentzia txiki eta etxebizitza komunitarioak akordiotik kanpo ez geratzea.
Irailean Gescarekin aurrekordioa adostu ostean, Lares eta Elbe bi patronal txikigoekin negoziatzea zen ELAren hurrengo pausoa lan hitzarmenaren neurriak probintzia osoko erresidentzietara zabaldu ahal izateko. Langileek jakin badakite Bizkaiko Foru Aldundiak akordioaren beharraz ohartarazi dituela patronalak. Eta “akordioa onartu beste aukerarik ez dutela izan”.
Arazoa gizarteratu
Denetik egin dute bi urte luzetan. Hamarka eta hamarka manifestazio eta elkarretaratze. “Parapentean jauzi egitea falta izan zaigu”, dio Isak umoretsu. Izan ere, era askotara mobilizatu dira erresidentzietako errealitatea gizarteratzeko. Esaterako, foru jauregiaren aurrean kanpatu dute. Baita Arriaga plazan ere. Arriagan emandako asteburuan jende ugari hurbildu zitzaien babesa ematera. Gizarteko hainbat ordezkari. Idazleak, musikariak, aktoreak, suhiltzaileak, hoteletako Kelly garbitzaileak... Asko eskertzen dute euren aldarrikapenak hauspotu izana. Ez dute erraz ahaztuko jasotako babesa.
Abuztuan, Aste Nagusian, jai gunea goitik behera kartelez josi zuten eta urrian erresidentzien arteko bost eguneko oinezko martxa burutu zuten Bizkaiko eskualde desberdinetan.
Oinazeak eta sufrikarioak pairatu arren, “gau asko lo egin ezinik egonda”, ez dute etsi. Borrokari eutsi diote. Bizkaian inoiz izan den grebarik luzeena egiteraino. Eta horixe da edozein langileri luzatzen dioten gomendioa: “Lan eskubideen alde borrokatzeak merezi duela, gogorra izan arren. Esfortzu orok bere saria du”.
Isilik eta esaneko izan dituen sistemari aurre egin diote. Bigarren mailako herritar bezala tratu dituen sistemari. “Menpekoak, manipulatzeko modukoak, ekimenik gabeak, erabakitzeko gaitasunik gabeak” balira bezala tratatu dituenari. “Azken batean, begirunea galdu ziguten”, esan dute erresidentzietako langileek. Baina, “xantaiaren aurrean amore emateko estrategiak kale egin die”. Ahaldundu egin dira. Ez dute onartu “emandako papera”. Ez gelditzea erabaki dute “lan baldintzak eta erresidentzietako erabiltzaileen bizi baldintzak duinago bihurtu arte”. Eta horrela egin dute.
Sinatutako hitzarmena babestu du jada UGT sindikatuak ere. LABek eta CCOOk aztertuko dutela adierazi dute. Akordioak 2020ra arteko indarra baino ez du izango. Bi urte barru “berriro ere hasi” beharko dute negoziatzen. Eskarmentu handia izango dute euren alde.